‘Euskara ZU zara’ goiburupean dator aurtengo Berbalagun egitasmoa
2024-10-15 12:50 Euskerea berbagaiEdozeinek parte hartu leike eta parte-hartzaileek erabagiten dabe noiz eta non batu.
Beste urte batez, Bermeoko Udaleko Euskera Sailak, herriko euskaltegiakaz alkarlanean, Berbalagun egitasmoa martxan jarri dau. Aurtengo goiburua Euskara ZU zara da, izan be, ikasturte honetan, euskaldunon komunidadea osotzeko norbanakoen garrantzia azpimarratu gura da, eta batez be, mintzapraktika programetako parte-hartzaileek egiten daben lana: egunero hizkuntzan trebatu, praktikau eta bizi garen guztiok euskaldunon komunidadea osotzen dogu, eta horren alde era aktiboan kokatzen garenean euskerea gara danok, azaldu du Iker Bilbao San Nicolas Euskera zinegotziak. Bilbaok gogorarazo gura izan dau Berbalagun egitasmoak lagunartean, euskeraz berba egiteko aukerak eskaintzen dituala, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo: Berbalagunen parte hartzen dabenek, lagunartean euskeraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dabe, eta erraztasuna hartzen dabe egunerokotasunean euskerea erabilteko.
Berbalagun egitasmoko dinamizatzaile Marimar Hernandezek ondokoa nabarmendu dau: mintzapraktika programetan ez dago ez zahar, ez barri; ez hango, ez hemengo. Programen bidez hiztun guztiek gustura eta lasai egiten dabe euskeraz, euskaldunon komunidadea indartu eta zabaltzeko. Aurtengo kanpainarako sortu daben bideoan idea hori islatu gura izan dabela zehaztu dau.
Hiru talde oraingoz
Bermeoko berbalagunak datozen egunetan hasiko dira batzen eta astean behin egingo dabe, ordubetez, kalean euskeraz biziteko. Oraingoz, hiru talde osotu dirala esan dau Hernandezek, baina ziur dago aurrerantzean talde gehiago sortuko dirala. Ondokoa nabarmendu dau: Berbalagun egitasmoan edozeinek parte hartu leikela, praktikearen bidez euskerea hobetu gura dauenak edo euskaraz biziteko aukera gehiagoren bila dabilenak. Esangura horretan, zehaztu dauenez, 5-6 laguneko taldeak izaten dira eta horreek osotzeko kontuan hartzen dira parte-hartzaileen ordutegiak, edadea eta zaletasunak. Parte-hartzaileek erabagiten dabe non eta noiz batzen diran, beti be, lagun giroan, gaineratu dau.
Horrezaz gan, zaletasunen araberako taldeak be sortzen dirala esan dau, besteak beste, euskal jantza errazak ikasteko edo sendabelarrak ezagutzeko. Eta, zelan ez, ikasturtean zehar, beste jarduera batzuk atonduko ditue, urtero egiten daben moduan: urteerak, berbaldiak, tailerrak... Ikasturte honetan be online taldeak egongo dira eta horreek zemendian hasiko dirala jakinarazo dau Hernandezek.
Parte-hartzea doban da, eta kide guztiek deskontu zein saritxoak eskuratu leikiez. Izena emon hemen edo 607 609 580 telefonora deitu. Informazino gehiago blogean.
Bestalde, berbalagunentzat eta ez direnentzat, aurten hiru lehiaketa atonduko ditue, hori bai, data aldaketakaz datoz. Aurtengo ikasturtean, abenduan, martian eta bagilean izango dira lehiaketak.
Horrezaz gan, Gurasolagun ekimenaren bidez, gurasoek eta umeek alkarregaz euskeraz egiteko aukerea izango dabe. Gurasolagunen bidez, gurasoen eta seme-alaben arteko transmisinoa indartu gura da, eta gurasoen artean euskera praktiketako eta erabilteko ohiturak eta gaitasuna indartu.
Amaitzeko, Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk ondokoa nabarmendu dau: Berbalagunen parte hartzeko euskeraz berba egiteko gogoa baino ez da behar, euskerea ikasten dabizenentzat eta euskaraz normalean berba egiten dabenentzat be zuzenduta baitago. Horregaitik, euskeraz egiteko gogoa daben persona guztiei, bai Berbalagun egitasmoan bai ekintza osogarrietan, parte hartzeko deia egin dau, Bermeon euskeraz biziteko aukera ezin hobea baita.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!