Ekintza ugari Bermeoko Astekliman
2024-10-15 11:16 KultureaUrriaren 18tik 27ra arte.
Aurton be, Bermeoko Udalak klima-aldaketeaz konzientziatzeko eta sensibilizatzeko mobiduko ditu bermeotarrak. Halanda ze, urriaren 18tik 27ra egingo dan Asteklimearen barruan, udalak hainbat jarduera atondu ditu.
Asteklima, Euskadiko Klima eta Energiaren Astea da. Aurtongoa, bosgarren edizinoa izango da eta Ekintza oro, txikia bada be, garrantzitsua da lelopean izango da. Asteklima, herritarrak klima-aldaketearen aurrean konpromiso personalagaz kontzientziatzeko eta mobiduteko sortu zan.
Datorren barikuan (urriak 18), Ricardo Gamaza kazetariak Turistificación y cambio climático tailerra eskainiko dau. Esplikazinoak emon eta berbaldirako tartea sortuko dau Gamazak barikuan. Tailerra, 18:00etan hasiko da, Nestor Basterretxea aretoan.
Ondoren, astelehenean (urriak 21), Arronategiko marteloskopioa: Bermeoko baso-gela barria hitzaldia eskainiko dau Neikerreko Nahia Gartzia Bengoetxeak; 18:00etan hasiko da, udaletxe tradizinonalaren (Goiko Plaza) azken solairuan.
Asteklimaren barruan Bermeoko Udalak atondutako hirugarren jarduera datorren martitzenean izango da (urriak 22). Klima aldaketea eta arrantza izango dau hizpide Aztiko Nerea Goikoetxeak Klima aldaketearen eragina gure arrantzan izeneko hitzaldian. Astelehenekoan moduan, martitzenekoa be, udaletxe tradizinonalaren azken solairuan izango da, baina 19:00etan hasita.
Udalak herritar guztiak konbidadu ditu ekitaldiotan parte hartzera, klima-aldaketearen aurrean garrantzitsuak baitira konzientzia eta sensibilizazinoa.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!