Arabako Bideo-kopla Lehiaketea martxan da

Bizkaie! 2024-10-15 08:30   Bertsolaritzea

Parte-hartzeko epea zemendiaren 15era arte izango da.

Arabako Bertsozale Alkarteak eta Arabako Aleak alkarlanean antonduta, martxan da aurton be Araba osoko 14 urte arteko gaztetxoei zuzendutako bideo-kopla lehiaketearen bosgarren edizinoa. Parte-hartzeko epea zemendiaren 15era arte izango da.

Gasteizko Udalak atontzen dauen Euskeraren Astearen egitarauaren barruan, helburua da lurraldean euskerearen erabilerea sustatzea. Modu horretan, bertsolaritzea eta teknologia barriak buztartuta, taldeka, Arabako bertsolari gazteek euren adimena eta sormena erakusteko aukerea izango dabe, bideo lehiaketa formatuan.

Parte-hartzea oso erraza da, hiru eta sei kopla artean osotu beharko ditu talde bakotxak proponidutako gaia landuta. Ondokoa da gaia: Zer dago ikusteko zure inguruan? Bete hemen parte-hartzeko galdetegia.



Ohar garrantzitsuak

Bideoak galdetegiaren bitartez bialdu behar dira. Ez dira onartuko emailez, whatsapp bidez edo beste edozein bidetatik jasotako bideoak.

Epe barruan jasotako bideoak baino ez dira onartuko. Bialtzeko epea zemendiaren 15eko gaueko 21:00etan amaituko da. Zalantzak izan ezkero, deitu zenbakira honetara 695 632 862 edo idatzi bideokopla@gmail.com helbidera.

Irabazleak eta sariak

Jasoten diran lanen artean, bideo-kopla onenaren saria aukeratuko dau publikoak. Horrezaz gan, Aleako eta Arabako Bertsozale Alkarteko epaimahaiek lan bana aukeratuko dabe; ganera, posible da epaimahaiak aitamen bereziak emotea talde gehiagori.

Beraz, sari ugari emongo ditue:

  • Laboral Kutxaren eskutik, taldean disfrutetako Iges Gela, Lautadan.
  • Bahkeko izotz pistan taldean disfrutetako esperientzia.
  • Hontza Extrem abentura parkean taldean disfrutetako esperientzia.
  • Elkaren material sortak irabazleentzat eta taldearentzat.

Sari banaketea

Sariak emoteko ekitaldia abenduaren 1ean eguerdiko 12:00etan egingo da, oraindino zehaztu barik dagoan Gasteizko areto batean. Ekitaldian, irabazleen bertsoak ikusi eta sariak banatzeaz gan, saio musikatuaz disfrutau ahalko da lurraldeko bertsolari onenen eskutik.

Ekitaldian parte-hartzeko gonbidapenak edo sarrerak aldez aurretik erreserbau ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu