'Baztanzopak', 'Hor gu!' eta 'Mutilatuak' taldeak, Bardoetako finalean

Bizkaie! 2024-10-14 13:32   Bertsolaritzea

Finala, urriaren 26an izango da Garesko Zamariain Pelotalekuan.

'Manteleko sobren' taldeko hiru partaideak, Irunberriko saioan. | Ikusi handiago | Argazki originala

Zapatuan jokatu ziran Bardoetako hiru finalaurrekoak, Etxaurin, Irunberrin eta Tuteran. Beraz, argitu da urriaren 26an, Garesen, finalean izango diran taldeen zerrendea: Baztango Baztanzopak, Bortzirietako Hor gu! eta Baztan-Bortzirietako Mutilatuak.

Etxaurin, udaletxeko ganbaran jokatu zan finalaurrekoan, 20 bat lagun inguruk jarraitu eben saioa bertatik bertara, giro onean. Han izan ziran kantuan Baztan-Bortzirietako Mutilatuak eta Atarrabia-Barañaingo Argako Bixiguak taldeko bertsolariak (Eneko Fernandez, Julen Zelaieta eta Urko Gartzia lehenengo taldean, eta Ander Baiano, Iñigo Aranguren Pika, Martin Berrizbeitia eta Mikel Lasarte bigarrenen taldean), Iban Garro gai-jartzailearen aginduak beteten. Aurreko saioan, urriaren 4an Irurtzunen jokatutakoan, Mutilatuak taldekoek irabazi eben, oraingoan be, finalerako sailkapena lortuz.

Irunberrin izan zan zapatuko beste finalaurrekoetako bat, Larrainenea Alkartean. 30 lagunen aurrean kantau eben Baztango Baztanzopek eta Altsasu-Barañain-Leitzako Manteleko sobrek. Baztandarren partetik, Alazne Untxalo, Amaia Elizagoien eta Malen Alzuart ibili ziran bertsotan. Atarrabia-Barañain-Leitzarren aldetik, barriz, Ekain Alegre, Eki Mateorena eta Kattalin Lizarraga. Gai-jartzaile lanetan Ane Fagoaga ibili zan. Baztandarrek irabazia eben aurreko saioa, urriaren 4an Tafallan egindakoa, eta oraingoan be nagusitu ziran, finalerako txartela berretsiz.

Zapatuko azken finalaurrekoa Tuteran izan zan. 40 lagun inguru batu ziran Beterri Peñan Iruñerriko EzKrashen eta Bortzirietako Hor gu! taldeen arteko saioa ikusten. Iruñerrikoen partetik, Antton Ciriza, Ion Zendoia eta Josu Sanjurjo, izan ziran kantuan, Bortzirietatik, Estitxu Arozena, Itziar Mitxelena eta Kattin Madariaga. Gai-jartzaile lanetan Eider Azkoaga ibili zan. Aurreko saioan, urriaren 4an Iruñean izandakoan, Bortzirietako taldeak eroan eban saioa, eta bigarrenean be holan izan zan, finalean lekua ziurtatuz.

Finala, urriaren 26an

Kontuak kontu, argitu da urriaren 26ko finalean ibiliko diran taldeen zerrendea. Garesko Zamariain Pelotalekuan egingo da, urriaren 26an, 17:30ean. Sarrerak salgai dagoz hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu