'Green Sormena', gazte bilbotarrei zuzendutako programea
2024-10-14 07:50 Kulturea18 eta 35 urte arteko gazteak emon ahalko dabe izena.
Bilboko Udalak beste aukera bat dakar Bilboko gazteentzat, Green Sormena - Artea, teknologia eta jasangarritasuna izeneko egitasmoa, Konekta Ideiak programearen barruan hain zuzen be. Udalaren helburua da, gazteak arlo horreetako esperientzia teorikoa eta praktikoa eskuratzea. Programea, 18 eta 35 urte bitarteko gazte bilbotarrei dago zuzenduta.
Estudio Gheada estudioa izango da programearen komisarioa, koordinatzailea eta garatzailea. Programea hiru fasetan egingo da La Perreran (Sabino Arana, 50): Talk & Show, 3 Lab eta hirugarren bat, gaiei lotutako proiektuetarako deialdi edegia izango dana.
Green Sormena - teknologia eta jasangarritasuna urriaren 22an hasiko da, La Perreran, Talk & Show bategaz. Bertan, performanceak, hitzaldi edegia eta soinuak egongo dira proponidutako gaiaren inguruan. Artista ugarik parte hartuko dabe, esaterako: Ce Pams, itsasoko olatuak hurreratuko dituana; Ra Asensi, poesia eta gorputza, teknologiak eta natura buztartzeko egitasmoa; eta Efe Ce Ele, material biologiko eta begetala erabiliz zuzeneko musikea eta bisualak sortuko dituana.
Ondoren, zemendiaren, 3 Lab izango dira, artistek eta profesionalek gidatuta, euren lanak eta prozesuak partekatzeko eta zelan egiten daben erakusteko. Laborategi horreek guztiak doban dira, aldez aurretik izena emonda eta La Perreran egingo dira: zemendiaren 9an (10:00-13:45), Fungical Language: mintzaira fungikoaren hastapenak; zemendiaren 16an (10:00-13:45), Imajinario jasangarriak adimen artifizialagaz; eta, zemendiaren 30ean (10:00-13:30/17:00-19:00), Guerrilla Mapping-Videomapping jasangarria.
Ganera, deialdi edegia egingo da artearen, teknologiaren eta jasangarritasunaren arloan lan egiten daben proiektuetarako. Proiektuak aurkezteko epea urriaren 28tik abenduaren 1era bitartekoa izango da, inprimaki baten bidez hona bialduz. Epaimahaiak proiektu bi aukeratuko ditu aurkeztutakoen artean. Hautatutako ekimenei banakako laguntzinoa emongo deutse Estudio Gheada estudioko profesionalek 2025eko apirilaren erdialdera arte, eta mentoringa, erreferentziak eta sektoreko profesionalakaz hartu-emonak bideratuko deutsee.
Horrezaz gan, Bilboko Udalak gehienez be 3.000 euro bideratuko ditu proiektu bakotxeko, ekimena garatzeko eta jardueretarako eta materialetarako. Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!