Mugaz Gaindiko Campusak hamar urte bete ditu

Bizkaie! 2024-10-11 12:39   Kulturea

UPV/EHU eta Bordeleko Unibersidadearen arteko lankidetzea.

Euskal Herriko Unibersidadearen (UPV/EHU) eta Bordeleko Unibersidadearen (UB) Mugaz Gaindiko Campusak hamar urte bete ditu. Ekitaldia EHU Euskampus-Bordeaux Egunean egingo da, komunidadearen urteroko topaketean.

Kontuak kontu, topaketea datorren astelehenean eta asteartean izango da, urriaren 14an eta 15ean, Bordeleko Unibersidadean (Domaine du Haut Carré, Talence). Urteroko hitzordu horrek mugaz gaindiko campusaren esparruan garatzen diran proiektu eta lankidetza guztiak partekatzeko, ikusarazoteko eta balioesteko balio dau, Europan ekimen bakarra baita.

Inaugurazinoan, urriak 14, 11:30etan, ondoko honeek izango dira:

  • Imanol Pradales, Lehendakaria.
  • Dean Lewis, Bordeleko Unibersidadeko lehendakaria.
  • Eva Ferreira, UPV/EHUko errektorea.
  • Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibersidadeak eta Barrikuntzako sailburua.
  • Mathieu Bergé, Akitania Barriko Eskualde Kontseiluko ordezkaria.
  • Ricardo Díez, DIPCko zuzendaria.
  • Jesús Valero, Tecnaliako zuzendari nagusia.
  • Céline Papin, Bordeleko zinegotzia.

Euskampus-Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusa 2011n sortutako ekimena da, UPV/EHUren eta Bordeleko Unibersidadearen bikaintasun-programetatik hasita eta DIPCren (Donostia International Physics Center) eta Tecnaliaren lankidetzakaz. Helburua da, ikasleei, irakasleei, ikertzaileei eta administrazino eta zerbitzuetako langileei irakasteko, ikasteko eta gaitzeko ingurune bakarra eskaintzea.

EHU Euskampus Bordeaux Eguna

Inaugurazino-saioan, UPV/EHUko eta UBko ikerketa-errektoreordeek jendaurrean iragarriko dabe Lankidetzarako Mugaz Gaindiko Laborategi barria. LTC barri horri lehendik dagozen beste 7 LTC gehitu behar jake; izan be, LTC inkubatoreko 16 proiektuekaz (11 + bost barri 2024an) batera, Eusko Jaurlaritzak 2021etik bultzautako LTC Sarea osotzen dabe. LTCek eta LTC inkubatorrek askotariko gaiak batzen ditue: nanoeskalako fisikea eta kimikea, matematika aplikatua, fabrikazino aurreratu jasangarria, prestazino handiko zementu-materialak, gaixotasun neurodegenetariboak eta horreen komorbilidadea, fotonikea edo geure itsasoetako kutsadurea.

Arratsaldean, azken 10 urteetako atzera begirako interaktiboa egingo da, protagonistetako batzuek (Iñaki Gorizelaia, Nekane Balluerka eta Manuel Tuñon de Lara errektore ohiak eta tartean dagozen irakasle eta ikertzaileak) aurkeztutako proiektu enblematikoek ilustrauta. Proiektu horreen artean master titulazino bikotxak dagoz, tutoretzapeko postdokak erakartzeko cofund proiektua, Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroak, Ocean i3 eta EmpacT i3 barrikuntza pedagogikoko proiektuak, eta Enlight Aliantzea.

Hurrengo egunean, urriaren 15ean, goizean, Euskampus Bordeaux canpusean 173 segundotan egiten ari naizen zeharkaldia, MT173 jarduereak aukerea emongo deutse hautatutako personei 173 segundotan Euskampus erakundeen arteko lankidetzearen esparruan egiten ari diran edo garatu daben proiektua edo ekimena aurkezteko. Ondoren, unibersidadea eta lurraldea lotzeko ekimen enblematikoetan jarriko da arretea. Ekimen horreetan, UB eta UPV/EHU funtsezkoak eta erabakigarriak dira: Basque Quantum - BasQ, Euskadin, eta Naquidis, Akitania Barrian. Era berean, ONKO-ON misinoa jendaurrean aurkeztuko da lehen aldiz. Euskampus Fundazinoak bultzautako lankidetza-ekimena da, minbiziagaz bizi diran personen bizi-kalidadea hobetzeko, unibersidadeen, ikerketa-zentroen, pazienteen, gizarte-erakundeen eta osasunean eta gizarte-ekintzan erantzukizuna daben administrazino publikoen alkarlan handieneko ikuspegiaren bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu