Hitzetik Hortzera: Txirrita eta lehen plazea

Bizkaie! 2024-10-11 07:54   Bertsolaritzea

Joxe Manuel Lujanbio Txirritak lehen plazea egin ebala 150 urte beteten dira aurten.



Txirritaren bertsogintzeari buruz eta lehen plazeari buruz egingo dabe berba aste honetako Hitzetik Hortzeran. Horregaz batera Loiuko eta Irurako jaialdietako bertsoaldiak izango dira zapatua gauean ETB1en.
Joxe Manuel Lujanbio Txirritak lehen plazea egin ebala 150 urte beteten dira aurten eta, urteurren hori atxaki hartuta, Ereñotzun, Txirritaren jaioterrian, izango da Hitzetik Hortzera aste honetan. Aritz Zerain Ereñotzuko auzotarragaz egingo dau berba Mirari Martiarenak, Txirritak auzoan dauen presentzia, lekua eta lotureari buruz. Ereñotzutik Errenteriara bizitera gaztetxua zala joan arren, haren bertsoek erakusten daben legez, Txirritak beti eutsi eutson jaioterriagazko lotureari.

Txirritaren bertsoei begira jarriko dira Hitzetik Hortzeran. Horretarako, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirreregaz be batuko da Martiarena, Txirritaren bertso asko irakurri eta ikasitakoak baitira bai Agirre eta baita Irazu be. Txirritaren ondarea, mundu ikuskerea eta euren bertso ibilbidean izandako eraginari buruz barriketan ibiliko dira.

Azkenik, programako hiru alkarrizketatuak alkartuko ditu Martiarenak: alkar ondo ezagutzen dira, bertsotan alkarrekin askotan ibilitakoak dira eta plazan lehen aldiz bertsotan egin ebenekoa gogoratzea izango da asmoa.

Loiuko eta Irurako bertsoaldiak

Astero lez, bertso jaialdi bitako bertsoaldiak izango dira Hitzetik Hortzeran. Batetik, Loiuko Lauroeta auzoko jaietan egindako bertsoaldiak, izan be, Iñaki Beitia Arbilduk egin zituan gai-jartzaile lanak eta kantau ebenak, barriz, Aitor Etxebarriazarraga, Etxahun Lekue, Igor Elortza eta Oihana Bartra izan ziran.

Bestetik, Irurako jaietakoak be ahaztu barik, Amaia Agirre gai-jartzaile zala, bertsotan ibili ziran Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi.

Hitzetik Hortzera, zapatuan, hilak 12, 21:00etan ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu