Lau urterako barritu dabe 42 Urduliz Bizkaian talentu digitala sustatzeko lankidetzea
2024-10-10 08:14 Pil-pileanEdegi ebenetik, campusean 572 ikaslek jaso dabe prestakuntzea.
Orain arte lortutako emoitza bikainen ondorioz, Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek eta Telefónica Fundazinoko zuzendari nagusi Luis Prendesek beste hitzarmen bat sinatu dabe, Bizkaian dagoen prestakuntza digitaleko zentro barritzaile hori indartzeko.
2021ean sortu zan 42 Urduliz Bizkaia campusa eta, ordutik, Bizkaiko enpresa txiki eta ertainen aliatu garrantzitsua izan da behar daben talentu digitala garatzeko orduan. Enpresa-sareaa gero eta gehiago dago digitalizetan eta zentroak gaitasun teknologikoetako prestakuntzea emoten dau eredu barritzaile, dobako eta irisgarri baten bitartez, irakaslerik eta ikasgelarik barik, lan-merkatuaren eskaeretara egokituta. Edegi ebenetik, campusean 572 ikaslek jaso dabe prestakuntza, eta guztira 7.500 eskaera inguru jaso dira hautaketa-prozesuetarako. Gaur egun, 310 ikasle aktibo ditu zentroak. 42 Urduliz Bizkaiko parte-hartzaileen % 21 emakumeak dira, teknologiaren beste alor batzuetako batez bestekoa baino kopuru handiagoa.
Bizkaiko Ahaldun Nagusi Elixabete Etxanobek azpimarratu dauenez, akordio honek berretsi egiten dau Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko talentuaren eta prestakuntza teknologikoaren bidez enpresa-sarean digitalizazinoa sustatzen jarraitzeko dauen konpromisoa. Gure ETEek gaitasun digitalak dituen pertsonak beharrezkoak dira lehiakorrak izaten jarraitzeko. 42 Urduliz Bizkaiak eskari horri erantzuten deutso teknologiaren arloan talentua garatzearen bidez, kalidadeko enplegu gehien eskatzen dauen esparruetako bat baita.
Gizartean digitalizazinoa eten barik hazten dago eta gaikuntza digitalik ez izatea gizarte-bazterketako faktorea izan daiteke, prestakuntza akademikoaren parean. Luis Prendesek azaldu dauenez, 42 proiektua oinarrizkoa da personen garapenean laguntzeko, aukerea emiten baiteutse kalidadeko prestakuntza barritzailea eta doakoa eskuratzeko programazinoaren arloan. Aniztasuna da 42 Urdulizen ezaugarrietako bat, ikasleak sektore teknologikoan sartzeko prestetan ditualako. Eta lan-okupazinoa edozein dala be, transizino digitalak ekarriko deuskuzan erronkei aurre egiten laguntzen deutse.
Akordioa barritzearen bidez argi geratzen da erakunde biak gaikuntza digitalaren alde dagoz, digitalizazinoaren eta STEM talentu eskasiaren erronkei aurre egiteko erantzuna dalako. 42 Urduliz Bizkaiak konektau egiten ditu enpresa-sareak profil teknologikoetarako dauen eskari gero eta handiagoa eta herritarren gaitasun barrien garapena, enpresen lehiakortasunean eta personen enplegagarritasunean laguntzeko.
Urdulizko metro-geltokiaren ondoan dago campusa eta Urduliz Dorrearen bost pisu hartzen ditu, 2.400 metro koadro, programazinoko eta gaitasun digitaletako prestakuntzarako. Zentroa talentu digitalaren, ekintzailetzearen eta Bizkaiko enpresen arteko topagune da eta enplegu kualifikatua sortzen eta Bizkaiko herritarren gaitasun profesionalak etengabe hobetzen laguntzen dau.
Akordioa barritzeko ekitaldian izan dira Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko diputadu Ainara Basurko, Telefónica Fundazioaren Enplegagarritasuneko eta Hezkuntza Barrikuntzako zuzendari Inés Temes, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekintzailetza, Talentu eta Lurralde Lehiakortasuneko zuzendari Joseba Mariezkurrena eta 42 Urduliz Bizkaiko zuzendari Estíbaliz León.
42 metodologia
42 Urduliz Bizkaia mundu osoan sakabanatutako 50 zentroko nazinoarteko sare baten barruan dago. 42 filosofiak, gaitasun teknikoetako prestakuntzea emoteaz gan, mundu profesionalean asko baloreta diran beste gaitasun batzuk jorratzen ditu, besteak beste, frustrazinoagazko tolerantzia, talde-lana, barrikuntzea eta nork bere burua gainditzeko gaitasuna. Ikasteko kontzeptu ezbardina da, ikasleek noiz ikasi aukeratu eta lankidetzea sustatuta ikasten dabe. Hori guztia sormena, adimen emozionala eta bizikidetzea sustatzen dituen espazio barritzaile baten barruan. Campusera sartzeko ez da aldez aurreko esperientziarik izan behar, ezta ezagutza teknikorik be. 18 urte izatea da betekizun bakarra.
Campusak STEAM Euskadi zigilua dauka 2023tik, zientzian, teknologian, injinerutzan eta matematikan dagozan bokazinoak arteen eta humanidadeen lotureagaz batera bultzatzeagaitik.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!