Maddi Rivas, Umaru Chan euskal mangatuberra, gurean izango da

Bizkaie! 2024-10-09 12:55   Kulturea

Urriaren 11tik 13ra, Amorebieta-Etxanon.

Amorebieta-Etxanok Mangamore jaialdiaren XVIII. edizinoa jasoko dau datorren urriaren 11tik 13ra bitartean eta betiko lez, adin guztietarako jarduerez jositako ekintza ugari atondu dau. Holan, Amorebieta IV pilotalekua, Zelaieta Zentroa, Zelaieta parkea eta Herriko Plaza izango dira jaialdiko agertoki nagusiak.

Aurton, artista japoniarren emonaldiak nabarmentzen dira, esaterako, Kanon Wakeshima abeslari eta txelo-jotzailearena edota DJ Yui, DJ eta japoniar enpresariarena. Lehena, Dark Cabaret estilo berezian da aditua eta bigarrenak, barriz, musika-ikuskizuna eskainiko dau. Ganera, jaialdiko musika eskaintzea Kai Iden artista frantsesak beteko dau.

Mangamore Jaialdiara bertaratzen diranak, Taiko, Japoniako tanbor tradizinonalaren ikuskizunaz disfrutau ahal izango dabe Keita Kanazashiren eskutik. Mitsuru Nagata maisuak, barriz, Sumi-e pintura teknikearen erakustaldia eskaniko dau eta Laura Maraverrek kitsukearen artea, kimonoaren janzkera egokia erakutsiko dau. Horreezaz gan, Aikido, Karate eta Taekwondo arte martzialen erakustaldiek osotuko dabe japoniar ohiturea eta tradizinoen atala.

Jarduerak

Manga eta anime zaletuentzat ez ezik, familiei zuzendutako jaialdia be bada. Holan, ez dira faltako japoniar mahai-jokoak, txapa tailerrak, Fast Origami, Ureshirekaz argazkiak, globoak eta umore horia edo Txu-txu treneko urteerak. Guztira 19 tailer izango dira asteburuan zehar.

Bideojokoen eta Arcade jokoen gelea be izango dau eta horreen artean egongo da, esaterako, jantza egiteko makina tradizinonala. Era berean, Cosplay, Karaoke eta Asian Dance lehiaketak izango dira, baita bideojoko txapelketak be, Zornotza Aretoko zinema-pantailan.

Hitzaldiak

Zelaieta Zentroa da atondutako hitzaldien agertokia. Guztira 10 jarduera egingo dira Auditorioan eta hizlarien artean egongo dira, esaterako, Maitane Echevarria EHUko marrazki-irakaslea eta Alfonso Berroya EHUko Arte Ederretako dekanordea. Marc Ortizek, barriz, El libro del Ramen liburua aurkeztuko dau; Unai Martinez de Soria idazleak eta Sandra Tirado Mestre ilustratzaileak, Entre dioses y héroes aurkeztuko dabe; eta Joseba Cordonek La Guía de Ultraman Vol. 2 liburua. Ganera, Maketo Irratiak euskerazko edukiak sortzeari buruzko berbaldia aurkeztuko dau eta Kabe argitaletxearen aurkezpena be egingo da. Argazkilaritzeak eta Japoniarako bidaiek be tokia izango dabe Zelaieta Zentroan.

Amorebieta IV frontoiak, bestalde, meet & greet postuak hartuko ditu, eduki sortzaile batzuekaz: Maddi Rivas euskal mangatuberra, Umaru Chan bezela ezaguna edo Saencsa eta Seldion DB, Dragoi Bolan adituak diran youtuberrak.

Japoniako kulturea, anime eta manga produktuen eskaintzea

Jakina, Mangamorerek manga, anime eta japoniar kulturearen stand-eskaintzea be izango dau. Aurtongo Artist Alleyk 50 sortzaile baino gehiago izango ditu; ganera, 12 denda egongo dira, gune komertzialenean, eskuz egindako lanak, komikiak, posterrak eta irudiak eskainiz.

Jaialdian sartzea doban izango da. Hori bai, jarduera batzuetan aldez aurretik izena emon beharko da. Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu