2023an euskeraz argitaratutako umeentzako 231 liburu aztertzen dituan gidea plazaratu dabe
2024-10-09 10:18 Euskerea berbagaiMondragon Unibersidadeak egindako lana da.
Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeak igaz ume eta gazteentzat euskeraz argitaratu ziran 231 liburuak aztertu ditu. Azterketa horren emoiteza da 2023ko ume eta gazte literatura irakur gidea. Argitalpenak hiru kategoriatan sailkatzea da gidearen helburua; hona hemen kategoriok: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Horretarako, hizkuntzearen erabilerea, literatura-kalidadea edo gaien tratamendua aztertzen dira, besteak beste.
Zortzi erakundetako 14 profesional (liburuzainak eta irakasle adituak) izan dira gidea egin dauen lan-taldean eta argitalpenak irakurri eta aztertzeko ardurea izan dabe. Ondokoak dira erakundeok: Aramaioko Udal Liburutegia, Bergarako Udal Liburutegia, Eskoriatzako Udal Liburutegia, Legazpiko Udal Liburutegia, Oñatiko Udal Liburutegia, Aretxabaletako Kurtzebarri Eskolea, Eskoriatzako Luis Eceiza Herri Eskolea eta Mondragon Unibersidadea. Gidea koordineteaz Mondragon Unibersidadeko Marikarmen Apraiz arduratu da eta edizio honetako azalaren diseinua Mondragon Unibersidadeko Ikus-entzunezko Komunikazinoko Graduko Maddi Martin ikaslearena izan da.
Ebaluazino-erispideak
Hauxe izan da taldearen lan-teknikea: ume eta gazte-literaturan 2023. urtean euskeraz argitaratutakoa irakurri, gure irakurketak alderatu eta hizkuntzearen erabilerea, literatura-kalidadea, gaiari emoten jakon tratamendua eta bestelakoak baloretea, azaldu dabe gidea ebaluau daben profesionalek. Liburu guztiak irakurri ondoren, lantaldeak hiru kategoriatan sailkatu ditu lanak: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken kategoria horretako liburuei aitamen bat egin jake.
Liburu bakotxari esleitutak gitxi gorabeherako edadeari jagokonez, gidearen egileek ondokoa adierazo dabe: zenbaki hori orientagarria da, erritmoak, umeen zaletasunak eta bestelakoak sailkaezinak dira: gure eretxiz, umeek liburuak askatasunez aukeratzea oinarrizkoa da eta oinarrizkoa, irakurzaletasuna sortzeko, azpimarratu dabe.
Nabarmendu behar da 2023ko ume eta gazte literatura irakur gidea ikusminez espero dan bildumea dala, izan be, urtero, gida hau deskargatuenetako bat da Mondragon Unibersidadeak plazaratzen dituan argitalpenen artean.
Mondragon Unibersidaeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko Ume Liburu Mintegia 1990ean hasi zan ume eta gazteentzako liburuen gidak kaleratzen, udal-liburutegietako liburuzainen eta zenbait ikastetxetako irakasleen laguntzeagaz. 2001. urtetik aurrera argitaratutako zenbakiak sarean dagoz eskuragarri.
Deskargatu 2023ko gidea.
Kontsulau bilduma osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!