'Basque.' podcasta, martxan

Bizkaie! 2024-10-09 08:28   Euskerea berbagai

Helburua da euskal kulturea eta sormena mundura zabaltzea.

Etxepare Euskal Institutuak euskerea eta euskal kulturea eta sorkuntza garaikidea kanpoan zabaltzea dau helburu eta hori lortzeko, inspirazino-iturri diran euskal artista eta sortzaileei eta euskereari eta euskal kultureari lotutako persona nabarmenei ahotsa emongo deutsen ingelesezko podcasta martxa da: Basque.

Alkarrizketa, narrazino eta dokumental zatiak buztartzen dituan formatuan, Oier Aranzabal kazetaria zinemea, gastronomia, hizkuntzea eta artearen munduko zenbait persona esanguratsuren etxera edo estudiora sartuko da eta mikrofonoaren aurrean jarriko ditu.

Estibaliz Urresola zinemagilea, Eneko Atxa sukaldaria, Sahatsa Jauregi artista, Hiromi Yoshida hizkuntzalaria eta Itziar Ituño aktorea izango dira lehen denporaldiko protagonistak. Jatorriz euskeraz grabau eta ingelesera bikoiztutako bost ataletan, alkarrizketatuek euren ibilbide personal eta profesionalen barri emongo dabe, baita arrakasteari, artearen definizinoari eta euskerearen etorkizunari buruz be.

Ulu Mediagaz batera produzidutako Basque. podcastak euskal kulturea eta sorkuntzari begiratzeko leiho barria edegiten dau, protagonistak erdigunean jarrita. Egungo kodeetara egokitutako kalidadezko edukiaren bidez, podcastak euskal eszena artistikoa geure mugetatik kanpo ikusarazotea eta aintzatestea dau helburu, baita euskal kulturearen pertzepzino globala indartzea be. Horrezaz gan, euskal kulturea eta sorkuntza garaikideari buruz lehen personan idatzitako narratibea eregiten lagundu nahi dau.

Podcasta, gero eta indar handiagoa dauen formatua

Azken hamarkadan hazkuntza handiena izan dauen formatuetako bat da podcastarena. Audioak beti izan dauen gertutasunak, storytelling molde barritzaileek eta streaming plataformen bidezko mundu osorako banaketeak on demand audioa oso tresna erakargarria egiten dabe Etxepare Euskal Institutuaren helburuak aurrera eroateko.

Basque.ren lehen denporaldia urriaren 15ean hasiko da Estibaliz Urresolari egindako alkarrizketeagaz. Ganerako atalak aste birik behin plazaratuko dira urria eta zemendia bitartean hainbat plataformatan: Spotify, iVoox, Apple Podcast, Amazon Music eta Google Podcast. Etxepare Euskal Institutuaren webgunean be entzungai egongo dira, etxepare.eus/eu/gaurkotasuna/podcast atalean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu