Open Jaialdiak 24.000 parte-hartzaile izan ditu

Bizkaie! 2024-10-08 12:07   Kulturea

Guztira, uriko 72 espazio bisitau ditue.

Open Bilbao Nazinoarteko Jaialdiak, betiko lez, milaka lagunen interesa erakarri dau, 24.000 bilbotarrek eta bisitarik disfrutau dabe jarduerez eta 72 espazioetara egindako bisita gidatuez.

Zortzigarren edizinoa, Arkitekturen Jaialdia izenburupean egin da eta, normalean jentearentzat zarratuta dagozan edo ezezagunak diran eraikinak edegiteaz gan, jarduera-zerrenda zabala programau dau, arkitektura egiteko modu barriak ikusarazoteko: eguneroko arkitekturak, ikusten ez diran arkitekturak, emakumeek edegitako eraikinak edo arkitektura jagoleak.

Hainbat jarduera izan dira, esaterako, erakusketak, berbaldiak, tailerrak, ibilaldi kritikoak, familiako ibilbideak eta zine-foruma, oso harrera ona izan dabenak, izan be, parte-hartzaileen balorazinoa oso positiboa izan da, programearen aniztasunari eta eduki barriari jagokenez.

Izena emon behar eben jarduera guztiek plazak agortu ditue eta interes gehien piztu dabenak ondoko honeek izan dira: arkitekturako obra eta estudioetara egile-bisitak, zine-foruma eta Emakumeek uria egiten dabe jardunaldia. 584 boluntario ibili dira, beste behin be, jaialdia atondu ahal izateko.

Open House arkitektura-jaialdi bat baino gehiago da; herritarrek, arkitekturearen eta urigintzearen bidez, euren uriaren inguruko kontzientzia hartzeko aukerea da. Ekitaldi horren bitartez, arkitekturea eta urigintzea ezagutzera emoten dira eta publiko zabal baten aurrean jentarteratzen dira, parte-hartzea ahalbidetuz, adierazo dabe atontzaileek.

Open House Bilbao Out alkarteak diseinau eta atondutako ekitaldia da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu