42. Ertibil Bizkaia erakusketea, Igorren ikusgai
2024-10-08 09:06 KultureaLasarte Aretoan, urriaren 31ra arte.
Ertibil Bizkaia Arte Bisualen Erakusketa Ibiltariak Igorren jarraituko dau bere ibilbidea. Bizkaiko Foru Aldundiak atondutako erakusketan, lurraldean bizi eta lan egiten daben 18 sortzaile barriren lanak dagoz ikusgai Igorreko Lasarte Aretoan urriaren 31ra arte.
Erakusketeak Bizkaiko egungo arte-panoramearen aniztasuna eta talentua islatzen ditu. Lanek, instalazinoak, margolanak (orioa, akrilikoa eta pastela), bideoa, eskulturea eta argazkigintzea, parte-hartzaileen sormena eta adierazpidea islatzen dabe.
Ertibil Bizkaia 2024ko sarituen artean, Leo Burge nabarmentzen da, izan be, lehenengo saria eskuratu dau Entre murmullos y cabello lanagaz. Zortzi marrazkiko bildumea da, espazio multidimensional batean marra eta zatien arteko fusinoa esploratzen dauena. M. Benito Pirizek bigarren saria irabazi dau Abrazo lanagaz, zulatutako gorputzari buruzko eskultura-hausnarketa zirraragarriagaz. Lucía Jayo Altamiranok eroan dau hirugarren saria, You' ll Never Guess lanagaz. Argazki proiektua da, irudiak errepetiduta ikuslearen perzepzinoari erronkea joten deutsona.
Beraz, ondoko honeek dira Ertibil Bizkaia 2024ko sarituak: Leo Burge, M. Benito Piriz, Lucía Jayo Altamirano, Tana Garrido Ruiz, Maider Gonzalo Salceda, Ángela R., Jon Ander Terroba, Ane Diez de Ulzurrun, Hodei Herreros, Idoia Leache, Julia Martos, Víctor Ortuño, Aida Valdes, Ane Berganza, Unai Cardoner, Martzel do Nascimento Goiria, Garazi Etxebarria Azurmendi eta Bakarne González & Eva Raya.
Aurton, egitasmoak 149 eskaera jaso ditu. Leixuri Arrizabalaga diputaduak aurkezpenean esan dauanez: programeak eregiten dauen gogo biziaren eta interes handiaren adierazgarria da hori. Proposamenak teknika eta espezialidade artistiko askotakoak izan dira eta geure lurraldeko arte garaikidearen aniztasun aberatsa erakusten dabe. Aurkeztutako lan guztien artean, 18 obra hautatu dira eta Bizkaian sortzen dagoan talenturik onena erakusten dabe.
Igorren egon ostean, Derioko Kultur Birikan izango da erakusketea, zemendiaren 4tik abenduaren 2ra. Halanda ze, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroa izango da erakusketearen azken geltokia, abenduaren 3tik 30era arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!