Cristina Mardarasi egingo deutse autortzea BEST topaketetan

Bizkaie! 2024-10-07 07:50   Kulturea

III. edizinoa urriaren 19an izango da, Euskalduna Jauregian.

Itxaso Paya eta Leixuri Arrizabalaga. | Ikusi handiago | Argazki originala

BEST, Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketen III. edizinoa urriaren 19an izango da Euskalduna Jauregian. Ekimenaren helburua da, kulturearen sektorean genero bardintasuna sustatzea eta lurraldeko emakume artista eta sortzaileen talentua eta sormena agirian jartea.

Aurkezpenean, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kulturea eta Kirol Saileko foru diputaduak eta Itxaso Paya Zelako Kultur Ideiak alkarteko kideak adierazo dabenez, BEST ezinbesteko espazio bihurtu da Bizkaian arte diziplina guztietako emakume sortzaileak batu, alkar ezagutu, esperientziak eta ezagutzak alkarbanatu eta euren arteko sinergiak ahalbidetzeko.

Aurten, topaketeak autortza berezia eskainiko deutso Cristina Mardaras bertsolari bizkaitarrari,  egindako bidean erreferente izan baita euskal emakume sortzaile askorentzat. Era berean, hirugarren edizino honetako irudia be izango da Iurretakoa, Aitziber Ibarguen Zallako sortzaileak, Beatriz Sierra diseinatzaile grafiko igorretarraren kolaborazinoagaz diseinautako irudiari esker.

Egitaraua

Goizean, betiko lez, berbeak izango dau garrantzia. 10:00etan ekingo jake topaketei Leire Palacios kazetariak dinamizauko dauen lehen mahai-inguruagaz. Txanponaren bi aldeak lelopean, kultur arloan kudeaketa lanetan dagozan emakumeak batuko dira bertan. Ana Gutierrez Zinemakumeak Gara! jaialdiko zuzendaria, Maria Gorizelaya BBK Aretoko programatzaile artistikoa, Marta Urcelay Musekintza jaialdiko koordinatzailea eta Matxalen De Pedro sortzailea eta Dantzertiko irakaslea egongo dira berbaldian.

Ondoren, 12:00etan, Txanpon baten truke izenburupean, emakume sortzaileek dituen plazak zenbat eta zelakoak diran aztertuko dau Leire Palaciosek. Bertan hartuko dabe parte Toti Martinez de Lezea idazleak,  Aranzazu Calleja musikari eta konpositoreak, Eva Guerrero koreografo eta interpreteak eta Onintza Enbeita bertsolari eta kazetariak.

Cristina Mardarasi autortzea

Arratsaldean Cristina Mardaras bertsolariari autortza berezia eskainiko jako ikuskizun formatoan 18:00etatik aurrera. Iurretan jaioa, bera izan zan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian lehen aldiz parte hartu eban emakumea, 1986. urtean. Cristina Mardaras bertsolaria, ipuin kontalaria, irakaslea eta herrigintza eta euskerearen aldeko ekintzailea da. BEST Topaketen III. edizino honetan haren lanaren autortzea egin nahi dogu, Bizkaiko emakume sortzaile askorentzat erreferentea eta aitzindaria izan baita adierazo dau Itxaso Payak, Zelako Kultur Ideiak alkarteko kideak.

Horretarako, jantzak, bertsoak, interpretazinoa eta musikea barruan hartzen dituan ikuskizuna atondu dabe  hainbat sortzailek: Meñakoz Jantza Taldea, Iratxe Urkiaga aktorea, Mad Muasel raperea, Onintza Enbeita, Haizea Telleria, Enare Muniategi eta Iruri Altzerreka bertsolariak eta Irina Alvarez eta Itxaso Gomez musikariak, hain zuzen be.

Ganera, egun osoan zehar instalazino artistiko parte-hartzailea egongo da kokatuta aretoaren kanpokaldean.

BEST Topaketen balorazinoa

Zelako Kultur Ideiak kooperatibeak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker BEST ekimenaren edizino bi atondu ditu daborduko. Helburua sendoa izan da hasieratik,  Bizkaian bizi edo sormen lanetan dabizen emakumeentzako topaleku izatea, alkar ezagutzeko aukerea eskainiz, esperientziak eta ezagutzak alkarbanatzeko gunea eregiz eta euren arteko sinergiak ahalbidetuz.

Atontzaileek adierazo dabenez, aurreko edizino bietan, guztira, 50 emakume inguruk hartu dabe parte BEST topaketetetan. Itxaso Payak aitatu dauenez, edizino bakotxean 25 plaza inguru eskaini izan doguz Bizkaiko emakume sortzaileen artean eta horretan jarraitzea da geure asmoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu