Nestor Basterretxeari autortzea egingo deutse Tabakaleran

Bizkaie! 2024-10-04 09:02   Kulturea

Gaur, urriak 4 eta bihar, urriak 5.

Nestor Basterretxea (Bermeo, 1924 – Hondarribia, 2014) XX. mendeko euskal artista polifazetiko eta entzutetsuenetako bat izan zan eta bere jaiotzearen mendeurrenaren harian Tabakalerak, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Zinemaldiak (SSIFF) proiekzino-ziklo berezia atondu dabe urrirako. Autortzea, Eusko Jaurlaritzeak 20 kultura-erakunde baino gehiagogaz batera koordinau dauen ospakizun kolektiboaren barruan sartzen da eta helburua, Basterretxeak euskal kulturea eta arte garaikiderako izan eban garrantzia eta legadua nabarmentzea da.

Zinegilea ez eze, Basterretxeak pinturea, eskulturea, diseinua eta ilustrazinoa landu zituan eta euskal kulturearen defendatzaile sutsua izan zan.

Kontuak kontu, egitasmoa urriaren amaierara artekoa da eta diziplina anitzeko jarduera ugari izango dira.

Proiekzinoak Tabakalerako zinema-aretoan

Egitaraua, gaur, urriaren 4an hasiko da, Gentzane Martínez de Osabak eta Alexander García de Vicuñak zuzendu daben Señales de vida: Néstor Basterretxea dokumentalaren proiekzinoagaz; 77 minutuko film luzean artistearen bizitzeari eta lanari erreparetan jako, Basterretxeak 89 urte zituala eta bere bizitearen une garrantzitsu batean: Arte Ederren Bilboko Museoan egingo zan bere azken atzerabegirakoaren atarian. Arteagaz zituan hartu-emonak aztertzerakoan artistearen barruan agertu ziran kontraesanak islatzen ditu dokumentalak eta bere lanak euskal kulturan izandako inpaktuaren ikuspegi intimoa eskaintzen dau.

Urriaren 5ean, Basterretxeak berak egin zituan hainbat film labur emoteko saioa atonduko dau Tabakalerak. Proiekzinoaren aurretik, artistearen artxiboa ikertu daben Elias Querejeta Zine Eskolako (EQZE) Andoni Imaz eta Matías Fajn ikasleek aurkezpena egingo dabe.

Film zerrendea

  • Alquézar. Retablo de Pasión (1966).
  • Pelotari (1964).
  • Operación (1963).
  • Sin título.

Saio biak arratsaldeko 19:00retan hasiko dira Tabakalerako zinema-aretoan. Sarrerak eskuragai dagoz hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu