Hitzetik Hortzera, bertsotik versora

Bizkaie! 2024-10-04 08:27   Kulturea

Araceli Argüello, Nayla Beltrán eta Caro Lopez izango dira protagonistak.

Cantoras del Cono Sur proiektuak, Araceli Argüello payadore argentinarra, Nayla Beltrán kantari sureroa eta Caro Lopez payadore txiletarra ekarri ditu Euskal Herrira. Egitasmoan emakumeen kantuak aztertzen ditue. Beraz, Bilbon bertso saioa egin ostean, Mirari Martiarenagaz egin dabe berba.

Araceli Argüello, 2018. urtean egon zan Euskal Herrian Nazinoarteko Inprobisatzaileen biran. Caro Lopez, barriz, Gema Lasarte ikerlariaren bidez izan eban bertsolarien barri, horrezaz gan, Uxue Alberdik idatzitako Kontrako eztarritik liburuaren itzulpena irakurri eban. Emakume payadore bezela liburu horrek izan dauen garrantziaz be ibiliko dira aste honetako programan.

Bertso musikatuak

Izar Mendigurenen bertso jarriak eskainiko ditue aste honetako programan. Mendigurenek bertso bidezko psikoanalisi soziala egingo dau, Manex Pagola musikariaren laguntzinoagaz.

La Sinsorgako eta San Telmo Museoko saioak

Bilboko La Sinsorga gune feministan egin zan Bertsotik versora saioko bertsoaldiak entzuteko aukerea izango da. Bertan, kantuan ibili ziran Aroa Arrizubieta eta Oihana Bartra bertsolariak, lehen aitatutako Nayla Beltrán, Araceli Argüello eta Caro Lopez payadoreakaz.

Donostiako San Telmo Museoan Elkarrizketa bat: Chillida eta Arteak erakusketearen bertso irakurketea egin zan. Ainhoa Urienek gidatu eban saioa eta bertsotan Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga izan ziran.

Gogoratu, Hitzetik Hortzera: zapatuan, urriaren 5ean, gaueko 21:00etan, ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu