Menpekotasunei aurre egiteko konpromisoa adierazo dau Etorkintzak 40. urteurrenean
2024-10-04 08:06 KultureaEtorkintzak Bizkaiko 24 udalerritan lan egiten dau eta bere ekintzakaz 207.101 bizilaguni lagundu deutse.
Etorkintza Alkargoak aurten ospatuko dau 40 urte daroazala menpekotasunakaz lotutako arazoei erantzuten. Urteurrena ospatzeko, alkargoak zenbait jarduera atodu ditu eta horreen asmoa da 1984an sortu zanetik izan dauen helburuaren eta egin dauen lanaren garrantzia azpimarratzea. Urte horreetan zehar, jarduketa-eremuak zabaldu ditu, gizartearen behar barrietara moldatzeko, eta prebentzino, laguntza eta gizarteratzeko zerbitzuak eskaini ditu, menpekotasunen, osasun mentalaren eta gizarte-zaurgarritasunaren esparruetan.
Ospakizun horren bidez, Alkargoak 40 urte horreetan jasotako laguntzea eskertu nahi deutse administrazino publiko, empresa, erakunde, profesionalei eta gizarteari oro har.
Horixe azaldu dabe 40. urteurrenagaitik atondutako jarduerak aurkezteko prentsaurrekoan. Arriaga Antzokian izan da eta bertan egon dira Juan Pablo Aia Zulaika Etorkintza Alkargoaren presidentea; Salva Hierro Zatón Etorkintza Alkargoko zuzendari kudeatzailea eta Gorka Martínez Salcedo BBKren zuzendari nagusia.
Datozen sei hileotan, hau da, 2025eko martira bitartean, alkargoak urteurren hori ospatuko dau. Horretarako, zenbait jarduera atonduko ditu, besteak beste, erakusketa ibiltari bat, barriketaldi eta hitzaldi multzo bat, kontzertu bat eta sektoreen topaketak. Programa horri esker, 40 urte horreetan Etorkintzak egin dauen lanaren garrantzia azpimarratu eta ezagutzera emongo da.
Alkargoa 1984an sortu zan heroinearen konsumoak eta GIBak Euskadiko gizarteari eragindako arazo larriei erantzuna emoteko. Berrogei urte horreetan zehar, alkargoaren funtzinoak gizartearen bilakaereagaz eta beharrakaz batera aldatu dira, eta, menpekotasunen fenomenoari heltzea izan da asmoa.
Gaur egun, Etorkintzak Bizkaiko 24 udalerritan lan egiten dau eta bere ekintzakaz 207.101 bizilaguni lagundu deutse 40 urte horreetan. Tarte horretan, 305ikastetxe baino gehiago lagundu ditu, eta 4.531 irakasle eta 130.781 ikasle baino gehiago prestau ditu mepdekotasunak prebeniduteko. Horrezaz gan, 7.097 nerabe eta gazte artatu ditue zenbait programaren bidez. Era berean 38.753 familiaz arduratu dira seme-alabak hezteko prozesuan eta menpekotasunak eta osasun mentalak dituen 9.321 persona artatu ditue, bai eta beste 4.876 persona gizarteratu be.
2023ko Euskadiko menpekotasunei buruzko inkestan jaso danez, euskal gizartearen 15 urtetik gorako persona gehienek hartu-emoneak izan ditue substantzia psikoaktibo legalakaz (% 91k alkoholagaz eta % 69k tabakoagaz) eta gero eta persona gehiagok probau ditue substantzia ilegalak (% 39k kalamua eta % 12k beste substantzia ilegalen bat); era berean, biztanleen % 50,5 ausazko jokoetan eta apustuetan ibilten dira. Bestalde, biztanleen % 19k farmako lasaigarriak edo somniferoak konsumiduten ditue. Konsumo horrek, ausazko jokoetan ibiltea bezela, handitzen doa edadeagaz.
Ospakizun horren helburuen artean, honako honek nabarmentzen dira:
- Alkargoaren presentzia soziala eta haren nortasunaren ezaugarriak berreskuratzea.
- Mendekotasunak dituen petsonen beharrak ezagutzera ematea, beren eskubideen babes prozesuan aurrera egiteko.
- Hausnartzea eta estigmak haustea.
- Gizarteak eztabaidatzea eragitea eta hobekuntzak proponidutea.
- Ospakizun honen partaide egitea interes talde ezbardinei.
- Instituzinoek eta erakundeek menpekotasunak dituen personakaz esku hartzeko emoten daben laguntzea autortzea.
Juan Pablo Aia Etorkintzako presidenteak adierazoi dauenez, 40 urte honeetan zehar, Fundazinoak erantzun eraginkorra eta zorroztasun profesionala emon nahi izan deutse konsumo barriei eta sortzen dagozan jokera korapilatsuei.
Bestalde, Salvia Hierro Etorkintzako zuzendari-gerenteak nabarmendu dauenez, prebentzinoa da oraindino gainditu bako gaia, larrialdiek markautako arloan. Halan da be, esperientziak erakusten deusku prebentzinoa eta detekzinoa dirala lehentasunezko gakoak. Proiektu honegaz jarraitu nahi dogu, proiektu gizatiarra eta oso beharrezkoa baita, eta BBKk errealidade hau gizarteratzen eta estigmea apurtzen lagundu nahi dau, izan be, uste dogulako hori dala Bizkaia inklusibo, oparo eta iraunkorra eregiteko modu bakarra, adierazo du Gorka Martinez BBKko zuzendari nagusiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!