Olabide Ikastoleak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe
2024-10-02 08:00 KultureaHurrengo bost urteetarako, hain zuzen be.
Olabide Ikastoleak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Akademiaren Arabako ordezkaritzan. Beraz, ondorengo bost urteetan Olabide Ikastolea eta Euskaltzaindia lankidetzan ibiliko dira ikastolako jardun akademikoan, eskolaz kanpoko jardunean, Olabide osotzen dauen hezkuntza komunidadearen eguneroko bizitzan, euskerearen ezagutza, euskerearen erabilera eta baita euskal kulturea zabaltzen daben programetan be.
Holan, sinatzaile biek lankidetzan jardungo dabe ikastolako profesionalen hizkuntza-mailea jasoteko asmoz zehaztutako ekimenetan, baita Euskaltzaindiak euskerearen batasunerako emon eta emoten dituan arauen zabalkundean be. Horretarako, aurkezpenak, ikastaroak, eskuliburuak, berbaldiak eta jardunaldiak atonduko ditue. Era berean, Euskaltzaindiak erantzuna emongo deutse Olabide Ikastolako profesionalek egindako konsultei, konsultok euskal lexikoari, gramatikeari, onomastikeari, ortografiari eta, euskerearen araugintzearen bestelako gaiei buruzkoak diranean.
Aitatutakoak beteteko, Euskaltzaindiak eta Olabide Ikastoleak Jarraipen batzordea osotuko dabe.
Mikel Makazaga Olabide Ikastolako zuzendariak autortu dau Olabide Ikastolarentzat estrategikoa izateaz aparte ikastolearen izakera naturaletik ataratako ondorioa da hitzarmen hau. Kalidadeko hezkuntzea emotea da geure helburua eta horrek ezinbestean eskatzen dau eleanitzak izango diran etorkizuneko uritar euskaldunak heztea. Horregaitik, mundutik Olabidera eta Olabidetik mundura edegi nahiko geunkez euskerea eta euskaltzaletasuna eta bide horretan Euskaltzaindia bidelagun parebakoa da, Gasteiz eta Araba euskalduna eregiteko.
Roberto González de Viñasprek, Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak, barriz, ondokoa adierao dau: Olabide Ikastoleak hiruroegi urte daroaz Gasteizen eta Araba osoan euskerearen hazia zabaltzen. Esangura horretan, hitzarmen horrek lan emonkor hori autortzen deutso eta aukera bikaina emoten deusku euskerearen normalizazinoaren bidean alkarlanean jarduteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!