Pablo Bergerrek jasoko dau 2024ko Serantes Saria

Bizkaie! 2024-10-01 10:03   Zinemea

Santurtzi Zine Jaialdia, urriaren 3tik 19ra izango da.

Publikoak ondo baino hobeto ezagutzen dauen zuzendari bati emongo deutse 12. Santurtzi Zine Jaialdiari jagokon Serantes Saria, Pablo Bergerri hain zuzen be. Sari horren bidez, Santurtziko Jaialdiak Euskal Herriko eta Estaduko zinema industriako zuzendari personal eta moldakorrenetako bat autortu nahi dau.

Bere jaioterrian, Bilbon, ikasi ondoren, Bergerrek 1988an ekin eutson bere filmografiari, Joaquín Trincadoren produkzinoa eta Álex de la Iglesiaren zuzendaritza artistikoa izan eban Mamá film laburragaz. Horrek, sari ugari eta New Yorken zinema master bat ikasteko bekea emon eutson. Bertan, beste film labur bat zuzendu eban, Truth and Beauty, Emmy baterako izentapena izan ebana.

Hurrengo urteetan, Estadu Batuetan irakasle bezela ibiltzeaz gan, telebistako hainbat bideoklip eta iragarki egin zituan, 2003an bere opera prima zuzenduz: Torremolinos 73. Lan horri esker, Malagako Zinemaldian Urrezko Biznaga eta Goya sarietarako lau izentapen lortu zituan.

Bere bigarren lana, Blancanieves, ez zan 2012ra arte heldu eta Goya sarietan arrakasta handia lortu eban hamar sari irabaziz, tartean jatorrizko gidoi onenarena, Oscar sarietan Espainia ordezkatzeaz gan. Bost urte geroago, Abracadabra estreinau eban, Maribel Verdú, Antonio de la Torre eta José Mota protagonista zituan komedia baltza.

Robot Dreams filma da bere azken arrakasta handia, Cannesko Zinemaldian aurkeztutako animazinoko lana eta Oscarretan animazinoko film luze onenaren izentapena izan dauena.

Jaialdiaren amaierako galan emongo deutse Serantes Saria Bergerri. Urriaren 19an izango da ekitaldia, 20:30ean, Santurtziko Serantes Kultur Aretoan. Lehiatilan eskuratu leitekez sarrerak, doban. Unai Iziquierdo izango da saria emotearen arduraduna.

Urtero euskal zinemagintzako hainbat persona autortzea helburu dauen sari honegaz, Pablo Berger Serantes Sariaren irabazleen zerrendara batu da, bertan dagoz: Borja Cobeaga eta Diego San José, Elena Irureta, Itziar Ituño, Fernando Albizu, Asier Etxeandia, Itziar Lazkano, Anabel Alonso, Moriarti Produkzinoak, Juanma Bajo Ulloa eta Félix Linares.

Santurtzi Zine Jaialdia, urriaren 3tik 19ra izango da. Sarrerak eta programazino osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu