'Marmolista.com el portal innecesario' lanak irabazi dau I. Bilboko Hilerriko Film Laburren Lehiaketea
2024-09-30 12:21 ZinemeaLusers de bohemia taldeak egin dau.
Egitasmoaren bitartez, Bilboko Udal Hilerriarriaren helburua kultura eta ondare aberastasuna modu originalean jasotea izan da. Halanda ze, Lusers de bohemia produkzino taldeko artistek, Paula Brezo, Antonio Meléndez eta Marco Navarro, irabazi dabe Marmolista.com el portal innecesario lanagaz.
Álvaro Pérez Bilboko Udaleko Osasun eta Konsumo zinegotzi delegatuak adierazo dauanez, Lehiaketearen lehen edizinoa izateko, uste dogu erantzuna positiboa izan dala. Aurkeztutako lanek hilerriaren dibersidade soziala eta egungo perzepzinoa adierazoten dabe. Izandako harrera onak arlo horretan lanean jarraitzeko animau egin gaitu. Ganera, aurkeztutako film laburrek jasoten daben istorioak beste ikuspegi bategaz ikusarazo deusku kanposantua eta hori zan helburua.
Lehiaketea joan dan asteburuan (irailak 20-22) egin zan, 2024ko kultur programazinoaren barruan. Guztira, 15 taldeek parte hartu eben eta kanposantuko instalazino guztiak izan zituen eskura. Aurreikusi zan bezela, film laburren grabaketak ez eben gainerako zerbitzuak oztopau, ezta erabiltzaileen bisitak be.
Lehen edizino horretan parte hartu daben 15 taldeek epaimahaiaren oneretxiagaz ikuskatze publikora pasau eta ondoren sari bi eta accesit bi emon ziran. Epaimahaiak ondokoak izan dira: Álvaro Pérez Bilboko Udaleko Osasun eta Konsumo zinegotzi ordezkaria; Iñigo Gómez Fernández zinema zuzendari bizkaitarra (2023an animazinoko goya irabazi eban; Ivan Miñambres UNIKO produkzinoetxeko zuzendaria; eta Eugenio Puerto Bilboko fantasiazko zinemearen jaialdiko programazino zuzendariak.
Epaimahaiak azpimarrau dauenez, lehiaketeak artista parte-hartzaileen sormena eta gogoa biztu dau, heriotzearen tabu soziala apurtzea bilatzen gure daben kontakizun hunkigarri eta askotarikoak sortuz, geure hildakoei eta maiteen alkartasun leku bezela erakutsiz. Bilbon bizi izan zan jentearen gomutak betiko gordeko dira obra horreei esker.
Beraz, lehen saria Lusers de bohemia taldearentzat izan da, Marmolista.com el portal innecesario lanagaz eta bigarrena AP-68 Peliculas-entzat, Un trabajo de muerte film laburrari esker.
Accesit bi
18 urtetik beherakoen parte-hartzea eta interesa sustatzeko, Bilbao Zerbitzuakek Campanera filmari Gazte Zuzendaritza Onenaren accesita emon deutso. Horrezaz gan, Marmolista.com el portal innecesario obreak, herritarren saria jaso dau.
Saritutako film laburrak Bilbao Zerbitzuak dauen Arte Bildumearen parte dira orain. Ikusi hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!