'Euskararen Etxea, plazara' erakusketa ibiltariak Leioako Campusean ekin deutso ibilbideari

Bizkaie! 2024-09-30 10:37   Euskerea berbagai

Leioako UPV-EHUren Bizkaiko Campusean izango da ikusgai abenduaren 4ra arte. 

Leixuri Arrizabalaga, Eva Ferrerira eta Iurdana Acasuso. | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerearen Etxeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, EHUKulturearen laguntzeagaz, atondu dabe eta hasierako aurkezpenean izan dira Leixuri Arrizabalaga Kultura, Kirol eta Euskera diputadua, Iurdana Acacuso Euskerearen Etxeko zuzendaria, Isaac Amezaga Diputazinoko Euskera saileko zuzendaria, Eva Ferreira EHUko errektorea eta Junkal Gutierrez EHUko Euskera, Kultura eta Nazinoartekotze errektoreordea.

Erakusketea Bilboko Euskerearen Etxean kokatutako Euskerearen Interpretazino Zentro barriaren zati bat da, zentroko edukietatik abiatuta ondu baita. Zentro barria 2023ko zezeilean inaugurau eben eta Kirmen Uribe idazleak, 2009ko Literatura Sari Nazionala jaso ebanak eta Patxi Baztarrika soziolinguisteak osotutako talde zientifikoaren lanaren emoitzea da, baita hirurogei erakunde eta partikular baino gehiagoren parte-hartzearen emoitzea be, alkarlanaren proiektua baita Euskerearen Interpretazino Zentro barritua.

Euskerearen Etxeak herritarrak animetan ditu egoitzara hurreratu daitezan. Helburua da euskerea, antxinako hizkuntzea izateaz gan, gaztea, ederra eta eregiten gagozan hizkuntzea da, baita munduko hizkuntza-aniztasunaren parte dala be nabarmentzea.

Horretarako, erakusketeak askotariko edukiak batzen ditu, besteak beste, euskerearen egunez eguneko egoeraz ohartarazoten daben datuak, euskerearen historia josi daben personaia eta jazoerak, euskerearen etorkizunerako erronkak edo euskal kulturearen aberastasuna eta kalidadea islatzen daben edukiak.

Horregaz batera, erakusketeak egingo dauen bidean tokian tokiko ezaugarri eta datuak be erakutsiko ditu, udalerri edo erakundeakaz lankidetzak gauzatuko baitira, beren ezaugarri eta ñabardunak erakusteko asmoz. Holan, Euskal Herriko Unibersidadeak emondako euskereari buruzko hainbat datu jaso ditu erakusketeak eta Leioako Campusean dagon tartean, hezkuntza-komunidadeak euskerea zelan bizi dauen erakustea da asmoa.

Bisitariek euren testigantzak be itxi ahalko ditue euskereagaz dituen hartu-emonak ardatz hartuta harien olgeta baten bitartez, bai eta galdera edegien bidez.

Azkenik, erakusketeak lekua egin deutso Gaitu adimen artifizialari euskerea irakasteko proiektuari. Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Euskerearen Erakunde Publikoak bultzatutako egitasmoa da, 2023an sortua, Common Voice proiektuaren parte legez.

Euskerearen Interpretazino Zentro barria

Euskerea ardatz dauen zentro edegi, dinamiko eta parte-hartzailea da. Euskerea da oraindino bizirik dirauen Europako hizkuntza indigena bakarrenetakoa eta oso balio espezifikoei lotutako historia luzea dau.

Erakusketeak ez dau arretea hizkuntzan jarten, personakan baino. Hizkuntzak hiztunen ezpainetan baino ez dira bizi eta existiduten. Erabilerea eta transmisinoa dira hizkuntzen iraupenaren gakoak, horregaitik zentro honek espazio garrantzitsua eskaintzen deutse euskerea bizi daben personen testigantzei. Eta proponiduten dauen begirada be barritzailea da. Eten barik aldatzen da erakusketea, hizkuntzearen bizi-indarrari buruzko datu barriakaz elikatzen dalako.

Euskerearen beraren ezaugarrietan oinarritzen da erakusketea, askotarikoa eta inklusiboa da, dibertigarria, bizia, gaztea, istorioz josia eta kulturaz bustia. Neurriz txikia bada be mundu txikiz osotutako mundua aldarrikatzen dau, txikia, dinamikoa, aldagarria eta eraldatzailea baita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu