Hitzetik Hortzera, itzalak eta argiak

Bizkaie! 2024-09-27 08:15   Bertsolaritzea

Itzal(iko) bagina ikuskizuna ezagutuko dogu aste honetako Hitzetik Hortzeran.

Bizkaiko Bertso Munduko Emakumeen Topaketetako bazkarian ondoan izan ziran Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalagaren bertsolariak. Euren ezinegonei buruz berba egiten hasi eta zeozer sortzeko gogoa biztu jaken. Lokatz Loreak kolektiboaren sorrerea etorri zan hortik, ondoren Friki saioak eta aurten estreinau dabe Itzal(iko) bagina, bertsoa oinarri dauen ikuskizuna.

Lankuk zeozer sortzeko proposamena egin eta baiezkoa emon ondoren hasi ziran Itzal(iko) bagina sortzen. Ondoren, oholtzaratzeko bidean, Iraitz Lizarraga izan dabe jarduerea zuzentzen. Lizarragaren esperientziak, ekarpenak eta laguntzak antzerkira hurreratu ditue hiru bertsolariek eta izandako ikasketa prozesu hori izango dabe berbagai Mirari Martiarenagaz.

Bertsoak batzen ditu Katarain, Bilbao eta Arrizabalaga eta ikuskizun hau sortzerakoan barrutik kanporako bidea egin dabe, zeharkatzen dituen hainbat gauza performance bihurtuz, berbarako gorputza, lehia eta lotsea. Hiru personen arteko adiskidetasun historia kontetan dabe.

Alkiza eta Galdakaoko jaialdiak

Alkizako jaietako jaialdiko bertsoaldiak entzuteko aukerea izango da aste honetako programan. Amaia Agirre gai-jartzaile ebela, Amets Arzallus, Andoni Egaña, Jexux Mari Irazu, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Sebastian Lizasok kantau eben.

Galdakaoko jaialdian, barriz, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga ibili ziran bertsotan. Saioaren gidaria Arkaitz Estiballes izan zan.

Hitzetik Hortzera zapatuan ez, domekan baino

Donostiako Zinemaldiaren itxierea dala eta, aste honetan Hitzetik Hortzera zapatuan izan beharrean, domekan izango da 15:00etatik Aurrera ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu