Azkuna Zentroak 200 kultur jarduera eskainiko ditu 2024-2025 ikasturtean

Bizkaie! 2024-09-26 08:35   Kulturea

150 artista eta kultur profesional baino gehiago izango dira Bilbon.

Azkuna Zentroak 2024-2025 ikasturterako programazinoa aurreratu dau, AZzabalik, Sorkuntza Artistikoaren inguruko Topaketearen esparruan. Egun osoan zehar, topaketa honeek produkzino garaikidea erakutsiko dau bertoko eta nazinoarteko hogeita hamar bat artistaren lanaren bidez eta Zentroan hogei bat jarduera eginez.

Bilboko aretoa sorkuntzearen inguruko artearen, artisten eta herritarren, ikerketearen, garapenaren eta barrikuntzearen topaguea da. Artearen bidez gogoeta eta pentsamendu kritikoa lantzeko pentsautako programazinoagaz, uriko kulturearen sarean lan egiten dau, tokiko eta nazinoarteko kultura garaikideko beste espazio eta proiektu batzuekaz batera.

Gonzalo Olabarriak, Kultura eta Gobernantzako zinegotziak; eta Fernando Perezek, Azkuna Zentroko zuzendariak, aurkeztu dabe denporaldi barri: 200 kultura-jarduera inguru eta 150 artista eta kultura-profesional baino gehiago izango ditu, nazinoarteko jaialdi bi, erakusketa-programa zabala, arte bizien programa egonkor bat -hogei ikuskizun baino gehiagogaz-, bai eta hainbat artista, zinema, jantza eta artea ardatz dituen egoitza-programak, baita sorkuntzeari laguntzeko programak be.

Ate edegien jardunaldi hau publikoaren eta beren sortze-prozesuak Zentro honetan probetan eta estreinetan dituen artisten arteko topagunea da, esan dau Gonzalo Olabarriak, Bilboko Udaleko kultura eta gobernantza zinegotziak.

Fernando Pérez, Azkuna Zentroko zuzendariak aurreratu dauenez, sorkuntza artistikoari emondako laguntzea eta nazinoarteko presentzia dira datozen hileotarako programazinoan oinarrizko elementu bi gure programazino-lerroen bidez eta 200 jardueraz osotuta dago.

Programazino barrian, Lemoiz Proiektua lako erakusketak nabarmentzen dira, Ixone Sadabak Lemoizko Zentral Nuklearraren hondakinen inguruan egindako ikerketa artistikoko lana, 2025eko urtarrilaren 30ean inaugurauko dana; edo Chiharu Shiotak protagonista dauena maiatzaren 27tik aurrera, eszena garaikideko artista japoniar ikusgarrienetako bat, artilea material nagusi lez erabiliz egindako instalazinoalaitik ezaguna.

Azkuna Zentroaren hirugarren erakusketa handia Marisa Gonzalez artista bilbotarrarena izango da, 2024ko Velázquez Saria, Reina Sofía Museo Nazionalagaz lankidetzan. Gonzalez 70eko hamarkadatik hona arte sorkuntzan erreprodukzino eta komunikazino teknologia barrien aplikazinoan aitzindaria izan da.

Azkuna Zentroak zuzeneko arteen denporaldi barriari hasierea emongo deutso, ikus-entzuleen komunidadeak antzerki, jantza, musika eta performance garaikidearen lengoaia eta forma barriakaz lotzeko jarrerea berretsiz. Esangura horretan, 20 ikuskizun izango dira, horreen artean, Zentroan sortutako piezen aurkezpena nabarmentzen da: “horixe da, hain zuzen be, Olatz de Andresek Azkuna Zentroari Lotutako Artista legez jorratutako Tiempo como cuerpo proiektu koreografikoaren kasua”, aurreratu dau Fernando Pérezek.

Aurten Prototipoak Bilbao. Forma Artistiko Barrien Nazinoarteko Bienala ekimenaren topagune izango da, 2025eko maiatzaren 27tik 31ra, lengoaia garaikideen sustapenean eta zabalkunean oinarritutako programazinoa izango dauena. Gainera, maiatzean, Azkuna Zentroa arte eszenikoen produkzinoaren inguruko barrikuntzarako Europa Sortzailearen proiektu honen Sinposio europarraren egoitza be izango da.

Literaturearen arloan, Gutun Zuria Bilbao, Letren Nazinoarteko Jaialdia nabarmendu behar da, 2025eko zezeilaren 25etik martiaren 1era, praktika artistiko garaikideen artean ibiliko da, ikus-entzuleen komunidade guztientzako proposamenakaz.

Zinemagintzeari jagokonez, denporaldiko lehen zikloa Zinemaldia Azkuna Zentroan izango da. Datorren astelehenean hasiko da eta Donostiako Nazinoarteko Zinemaldiaren 73. edizinoan aurkeztutako hamaika film aukeratu dira. Gainera, Clasique-Moderne Zinematekearen historia barri bat bueltauko da, Zinematekearen 40. urteurrena ospatzen dauen zikloaren bigarren zatia, zinemearen eta proiektuaren historian ezinbesteko 45 izenburugaz; eta Del manga al cine II. Ciclo de cine contemporáneo japonés programea be ahaztu barik.

2025ean zentroaren 15. urteurrena ospatuko dogu eta 2024-2025eko programazinoaren harian, urtero ehun artista baino gehiagok parte hartzen dabe, batzuek Azkuna Zentroan dituen egoitza artistikoen bidez, amaitu dau Gonzalo Olabarriak.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu