Ikertzaileen Europako Gauak zientzia eta dibersinoa buztartuko ditu

Bizkaie! 2024-09-25 11:23   Kulturea

Barriro be Bilboko kaleetan batuko dira.

UPV/EHUk atondutako dibulgazino zientifikoko ekitaldi hau Bilboko Arenalera bueltauko da irailaren 27an, bertaratzen diran guztientzako jarduerak eskainiz. Euskal Herriko Unibersidadeak bat egin dau, beste urte batez, Europako Ikertzaileen Gauagaz, Europako zientzia-dibulgazinoko ekitaldirik garrantzitsuenetakoagaz. Aurten, Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan legez barikuan egingo da.

Bosgarren aldia da UPV/EHUk topaketa horretan parte hartzen dauena, G-9ko partzuergoagaz batera.

Jarduera nagusia 17:00etatik 21:30era izango da, Bilboko Arenalean, Ikertzaileen Europako Gauaren Azokea hartuko dauen gunean. Oraingo honetan, hainbat arlotako adituen eskutik zientziaz gozetako 31 stand izango dira ikusgai.

170 ikertzaile inguruk parte hartuko dabe eta modu erakargarrian zenbait tresnaren funtzionamendua erakutsiko da: minbizia antzemon eta tratetako laborategiko aparatuak, nanoimanak eta nanonabeak, edota erabilera medikua daben 3D inprimagailuak. “Isilik hitz egiteko” teknologia be ezagutzeko aukerea egongo da. Gure dieteak eta informazinoaren eta komunikazinoaren teknologia barriek osasunean daben eragina ezagutarazoko da. Parte-hartzen dabenek urietako tenperaturea bajatuteko edo kutsadurea murrizteko proposamenen barri izango dabe. Beste hainbat ikerketa zientifikoren emoitzak aditzera emongo dira, eremu ugaritakoak: polinizazinoa, energia barriztagarriak, mikroalgak, itsasoa aztertzeko edo urietako bizi-kalidadea hobetzeko sateliteak, besteak beste. Matematikea erabiliz imajinazino-olgetatan ibilteko aukerea egongo da.

Horrezaz gan, UPV/EHUko emakumezko ikertzaileen ekarpenak ikustarazoteko txoko berezi bat egongo da neska eta emakumezko nerabeen artean bokazino zientifikoa sustatzeko.

OREgaua, Portugaleten

Ikertzaileen Europako Gaua Portugaleteko Itsasgunean (Bilboko Injinerutza Eskolan) izango da irailaren 27an. ORUEgauak itsasoko energia barriztagarriak hurreratzeko asmoz egiten dira, edade guztietarako olgeta eta jarduera zientifikoen bidez. Jarduerak 17:00etatik 22:00etara izango dira eta itsas-energia barriztagarriakaz lotutako hitzaldiak, esperimentuak, erakustaldiak eta jolgetak izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu