Senez itzulpen-aldizkariaren 55. zenbakia argitaratu dau EIZIEk

Bizkaie! 2024-09-25 08:48   Kulturea

Prisaren gizartean bizi gara. Boladan dago denporea aprobetxetea; ez, ostera, denporea galtzea. Eta, denporarik ez galtzeko, ahalik eta testu gehien eta ahalik eta lasterren itzultzeko, sekulako pagotxa dira itzultzaile automatikoak eta adimen artifiziala. Biderik zuzenena eta lasterrena, ostera, ez da beti onena eta gozagarriena: batzuetan, merezidu dau sigi-sagaka eta itzuli-mitzulika ibiltea, bide bazterreko jausitako zugatzei begiratutea, eguraldiaz jakiteko tekla bat jo beharrean zerura begiratzea eta zer esaten deuskun ulertzen saiatzea, edo papeleko hiztegietan ele-miaka ibiltea, honi eta hari galdezka. Merezidu dau denporea galtzea, hain zuzen be.

Nasaitasuna lagun dakargu, beraz, aurtengo Senez aldizkaria. Hogeita hiru artikulu, guztira. Hogeita hirutik gora egile. Urtero bezela, gogoan hartu ditugu 2023an hilak, Xabier Mendiguren Bereziartu eta Jorge Gimenez Bech, Lurdes Auzmendik eta Aritz Galarragak idatziriko artikulu banatan. Personatik personara, Jone Aldamizetxebarriari alkarrizketea egin deutso Bego Montoriok. Literatura-itzulpenari heldu deutse hurrengo zazpi artikuluetan. Poesiaren atalean, zenbait poetaren poema bana euskerara itzulita ekarri ditu Isa Etxeberriak, Munduko Poesia Kaierak bildumeari eskainiriko artikulu jostarian. Euskerara itzulitako narratiban, Ahmadou Kourouma idazle malinkearen lana itzultzeaz jardun dau Aiora Jakak, Margarita Nafarroakoaren Heptamerona euskeratzeko ahalegin kolektiboaz Xabier Artolak, Ines Castiellak, Itziar Diez de Ultzurrunek eta Fito Rodriguezek, eta Yukio Mishima japoniar idazlea itzultzeaz Iker Álvarezek. Euskeratik gaztelaniarako zubiak be gero eta usuagoak izanik, Uxue Apaolaza idazlearen lanaren gaztelaniazko itzulpena ekarri dau Angel Errok hizpidera eta, ikuspegi soziologikoago batetik, gaztelaniara itzulitako lanak gizarteratzeko moldeez idatzi dau Eli Manterolak. Literaturearen sorotik urten barik, itzultzaileen oin-oharrak aztertu ditu Beñat Landak.

Txantxangorriak bezela salto ttipi bat eginez, gai sozialagoetara jo dabe hurrengo orrialdeetan: EIZIEk atondutako mahai-inguru batean esanak gogoan, testu feministen itzulpenari buruz gogoetea egin dau Amaia Astobizak, itzulpenetan berbakera ez-sexistea erabilteko gako batzuk emon ditu Nora Acostak eta euskerazko itzulpenei sarri ezartzen jakezan estigmetatik askatzeko proposamena dakar Danele Sarriugartek. Lanbidearen egoereari begira be jarri dira; holan, batetik, lau ahotsetara osotutako alkarrizketa bat ekarri deusku Ibai Sarasuak, itzultzaile autonomoen egoeraz, kezkez, lan-baldintzez, oztopoez eta onurez eta, bestetik, euskeraz lan egiten daben interpreteek azken hilebeteotan martxan jarritako prozesu baten barri emon deuskue Torralbak eta Maitane Uriartek.

Arlo espezializatuagoen lilitegian, inurri-lanetan ibili dira Alaitz Zabaleta administrazino-itzulpenaz, Ane Garmendia ikus-entzunezkoen itzulpenaz, Itziar Zorrakin-Goikoetxea eta Maitane Junguitu bideojokoen lokalizazinoaz eta Iñaki Lopez de Luzuriaga historia-testuetako koronimoen itzulpenaz.

Adimen artifiziala eta itzultzaile automatikoak ezinbesteko bidelagun ditugunez eta malkarrak zelaitzeko ahaleginetan, gaiari buruzko gogoetak eta azterketa tekniko bat egin deuskuez Karlos del Olmok eta Nora Aranberrik artikulu banatan.

Eta, amaitzeko, gure lanbideagaz loturiko liburu-gomendioen atalean, Danele Sarriugarteren eta Manu López Gaseniren ekarpenak batu ditugu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu