Open Jaialdia irailaren 9tik urriaren 5era izango da
2025-07-21 08:27 KultureaBoluntario izateko izen-emoteak edegi ditue.

Open Jaialdiak bederatzigarren edizinoa beteko dau aurton, arkitekturearen ulermen plural eta edegiaren alde eginez.
Ekitaldiak arkitektureari buruzko begiradea zabaltzen dau eta herritarrak konbidetan ditu eregitakoa ezeze, lanbideak eraldatzen dabizen prozesuak, diskursoak eta jardunbide barriak be esplorau deiezan.
2025eko edizinoa irailaren 29tik urriaren 5era izango da eta dobako 100 jarduera baino gehiago izango ditu: espazio berezietarako bisitak, uri-ibilbideak, instalazino iragankorrak, tailerrak, berbaldiak eta arkitekturea eguneroko bizitzeagaz lotzen daben esperientziak.
Programazinoa
Arkitekturen Jaialdia lelopean, Open Jaialdiak arkitektura-balio handiko espazio eta eraikinetara bisitaldiak egitea izango dau oinarri, baina arkitekturea ulertzeko, biziteko eta praktiketako modu askoren inguruan ezagutza-bideak edegitea bideratutako ekimen barriak nabarmenduko ditu.
Aurton, jaialdiak protagonismoa emongo deutse ikerketa barriei, lankidetza-prozesuei eta hurreraketa alternatiboei, gaur egun arkitekturan jarduteko moduak erakusten ditue-eta.
Gainera, komunidadean berba egiteko, esperimentetako, oinez ibilteko, ikusteko, marrazteko, jagoteko eta diseinurako espazioak sortuko dira, jaialdiaren ikuspegia zabalduz eta profesionalen, herritarren eta lurraldearen arteko topaketea sustatuz.
Boluntarioak, jaialdiaren eragile
Jaialdian oinarrizko zutabeetako bat boluntarioen parte-hartzea da. Edizino bakotxean, 400 boluntario baino gehiago izaten dira esperientzia posible egiten dabenak: bisitak gidatzen ditue, taldeetara joaten dira eta ezagutzak konpartiduten ditue.
Ez da aurretiko esperientziarik edo prestakuntza espezifikorik behar: ikasteko, lankidetzarako eta beste persona batzuegaz batera, uria edegiteko gogoa besterik ez.
Boluntarioek baditue abantaila batzuk, esaterako bisitetarako lehentasunezko sarbidea, aurretiko prestakuntzea eta erreferentziako kultura-jaialdi batean aktiboki parte-hartzeko esperientzia.
Izen-emoteak edegita dagoz hemen.
Bilbo, Open urien sarera konektauta
Bilbok Open House Europa programan parte hartuko dau hirugarren urtez jarraian. Programa horrek Europako uriak arkitekturearen eta urigintza garaikidearen inguruan konektetan ditu. Europar Batasuneko Creative Europe programeak kofinantziauta, diziplinari buruzko begirada inklusiboagoa sustatzen dau proiektuak eta herrialdeen arteko ezagutzea eta boluntariotza-trukea sustatzen ditu.
Aliantza horri esker, Bilboko boluntarioek beste uri batzuetako jaialdietan parte hartu ahal izango dabe, esaterako Stockholmeko, Vilnako, Tallingo edo Bartzelonako jaialdietan; Bilbok, barriz, nazinoarteko parte-hartzaileak hartuko ditu.
Jaialdia Out irabazi-asmorik bako alkarteak diseinau, atondu eta sustatzen dau, Bilboko Udalaren laguntzeagaz. Out Alkartea arkitekturako eta urigintzako profesional gazteek osotzen dabe.
Jaialdiaren helburua da arkitekturea herritarrei hurreratzea, parte-hartzea sustatzea eta uri garaikidearen ikuspegi kritiko, irisgarri eta inklusiboa sustatzea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!