Euskadiko lehen koadernu meteorologikoetako bat topau dabe

Bizkaie! 2025-07-22 12:25   Kulturea

1830ean Balmasedan egindakoa.

Enkarterrietako Museoak eta Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak aparteko aurkikuntza dokumentala aurkeztu dabe: Manuel Llagunok 1830ean Balmasedan egindako koadernu meteorologikoa. Euskadiko klimearen lehenengo erregistro sistematikoetako bat da, eguneroko tenperaturak, haizearen norabidea, eguzki-orduak eta baldintza atmosferikoei buruzko iruzkinak zehaztasun handiz jasoten dituan materiala, hain zuzen be.

Garai haretan Europan be erabilten zan Fahrenheit eskalea erabiliz, Llagunok 1830eko urtarrilaren 1etik gabonilaren 8ra arteko bertako klimea dokumentau eban. Balio historiko eta zientifiko handia dau, datu kuantitatiboak ez eze, muturreko tenperaturek markautako aldiaren klimearen behaketa kualitatiboak be eskaintzen ditualako. Kontuan izan behar da Euskadin lehen estazino meteorologikoak XIX. mendearen amaieran hasi zirala lanean.

Neurketak klimearen aldetik interes berezia izan une batean dagoz eginda: industrializazino orokorraren aurreko urteetan, Izotz Aro Txikiaren (Europako hotzaldia) amaieran, eta Lehen Gerra Karlistearen (1833-1840) hasi aurretik. Dakigunez, klima zorrotzak asko gogortu zituan Bizkaiko gerra-aldiak. Neguko minimoak oso bajuak izaten ziran: zezeilaren 2an eta 3an -7ºC-rainoko tenperaturak erregistrauz, Llagunok 19–20ºF apuntau zituan. Aldiz, udak ez ziran hain beroak izan: garagarrilaren 27an, egunik beroenean, 28,8ºC (83 – 84ºF) baino ez ziran hartu, eta udako batez bestekoa 20ºC ingurukoa izan zan.

Datu deigarrienen artean gaur egun Bizkaian ia pentsauezinak diran urtarrileko edurteak dagoz. Edur asteen ondoren, zezeilak behe-laino iraunkorrak eta martiak haize handiak, euriteak eta txingorra ekarri zituan. Apirilaren 23an, adibidez, Llagunok bere koadernuan etenik bako euri zaparradak eta txingor bat edo beste idatzi zituan. Udan be, eguraldia ezegonkorra izaten zan, zerua estalita eta euria noizbehinka.

Javier Barrio, Enkarterrietako Musoeko zuzendariak, ondokoa adierazo dau: koadernoa, Balmasedako herritar batek XIX. mendean izan eban jakin-min zientifikoaren lekukotzea ezeze, gure klimak izandako bilakaerea ulertzeko oso tresna baliotsua be bada. Balioan jarten ditu behaketa zehatza eta idatzizko memoria ingurumenaren eta gizartearen ezagutzearen iturri lez gordetearen garrantzia.

Jatorrizko testuaz gan, Enkarterrietako Museoak Fahrenheit eta Celsius graduen arteko tenperaturen baliokidetasuna alderatzen dituan koadrua egin dau, garai haretatik gaur egunera arteko klimearen bilakaerea testuinguruan argi eta garbi jarteko. Dokumentu hori, dudarik barik, oinarrizko iturria da klima-aldaketari buruzko azterlanetarako, industrializazinoaren eraginaren aurreko klimearen zuzeneko ikuspegia emoten dauelako. Enkarterriko Museoaren webguneko Dokumentu-funtsa atalean konsultau leiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu