'B Global Talent' Nazinoarteko III. ekintzailetza-programea gaur amaituko da
2025-07-24 10:54 KultureaNazinoarteko talentuak euskal enpresetan ekintzailetzako prozesuak bultzatzea da helburua.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Mondragon Unibersidadeak atondutakoa gaur arratsaldean amaituko da nazinoarteko talentuak euskal enpresetan barne-ekintzailetzako prozesuak bultzatzeko asmoa dauena. Helburu horregaz, 7 herrialdetako 16 gaztek barne-ekintzailetzako proiektuak sustatzen jardun dabe, 3 hilebetez, Euskadiko lantokietan, euren ezagutza teknikoak enpresen benetako erronkak konpontzeko erabiliz.
Amaiera-ekitaldian, Unibersidae Hedapenerako Diplomak (40 ECTS) emongo jakez programan parte hartu daben 16 gazteei eta, holan, amaitutzat emongo dabe 12 euskal enpresagaz alkarlanean egindako 3 hilebeteko egonaldia, aukera emon baiteutse alkarren arteko ikaskuntzan eta lanbide-garapenean sakontzeko eta tokiko enpresa- ekosistemeagaz benetako loturak sortzeko.
Hirugarren edizino honetan, ZTIM (STEM) prestakuntzea daben Alemaniako, Marokoko, Senegaleko, Afganistango, Kenyako, Boliviako eta Georgiako 25 eta 35 urte bitarteko gazteak Bizkaiko lantokietan ibili dira lanean, euren ezagutza teknikoak benetako erronkei erantzuteko erabiliz. Onlineko lehen fasearen ondoren, gazteok Bizkaian bizi izan dira 3 hilebetez, urtenbide estrategikoak, ikuspegi barriak eta nazinoarteko talentuaren eta tokiko enpresen arteko lankidetzearen legatua eskaintzeko. Programearen amaieran, parte-hartzaileek Unibersidade Hedapenerako Diplomea jasoko dabe, egiaztatzen dauena barne- ekintzailetzan, barrikuntzan eta enpresa-inguruneetako benetako proiektuen garapenean espezializautako prestakuntza-ibilbide homologatu bat.
Ekitaldian, 12 konpainia parte-hartzaileei be omenaldia egingo jake, barne-ekintzailetzako prozesuetan izandako inplikazino aktiboagaitik; ondokoak dira: Agintzari, BrainCode, C2B, FUELIUN, IELLOW, Le Bigott, Leartiker, Moviltik, Titan Industrial, Walter Pack, Weetbe eta Zunibal. Aintzatespen horrek nabarmendu egingo dau konpainia horreek barrikuntzearen, dibersidadearen eta egiteko modu barriak bereganatzeko edegitasunaren alde egin dabelako.
B Global Talent
Mondragon Unibersidadea – Mondragon Team Academyk bultzatzen dau B Global Talent 2025 ekimena, Bizkaiko Foru Aldundiagaz alkarlanean, Bizkaia With The Talent estrategiaren bidez. Erakunde biak alkar hartuta ahalbidetu dabe esperientzia hau, unibersidade-prestakuntzea, lan praktikoa eta Bizkaiko enpresa-ekosistemearen aurreko zuzeneko loturea buztartu dituana.
Programea ekimen estrategiko lez finkatu da, lurralde barritzaile, inklusibo eta nazinoarteko talentuaren aurean konektau baitira Bizkaia eta etorkizuna persona, enpresa eta erakundeen arteko lankidetzea ardatz hartuta eregiteko jarrereari eutsiz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!