Mila bat ikaslek jaso ditue Barraka XXI tailerren onurak 2024-2025 ikasturtean

Bizkaie! 2025-07-24 10:02   Kulturea

Bilboko Errekalde Plazan izan zan ikasturtearen amaierea.

Erretratua: SGAE Fundazinoa. | Ikusi handiago | Argazki originala

SGAE Fundazinoaren Barraca XXI gizarte-eskoleak agur esan deutso 2024-2025 kursoari, urtean zehar Estaduko zazpi uritan atondutako tailer artistikoetan eta jarduera kultural osogarrietan 1.000 persona baino gehiagok parte-hartu ondoren. Formakuntzearen aldeko jarrera estrategikoak ondoko urietan izan dau eragina: Bilbon, Bartzelonan, Madrilen, Santiago de Compostelan, Sevillan, Valentzian eta Kanaria Handiko Las Palmasen. Ekimena tokiko alkarteen laguntzeagaz sustatu da eta kultur-sorkuntza egoera ahulean dagozan kolektiboei erakutsi jake dobako musika, antzerki, jantza eta ikus-entzunezkoetan hainbat ikastaro, tailer edo eta ikuskizun eskaini dirala.

2024ko irailetik 2025eko bagilera arte, Barraca XXI proiektuak 70 tailer erregular baino gehiago jarri ditu martxan, zazpi alkarte, ikastetxe eta lurraldeko erakundegaz lankidetzan. 60 irakasle eta artista baino gehiagoko talde batek ikasleen sorkuntza-lana erraztu eta bideratu dau eta horren ondorioz, jatorrizko 40 abesti baino gehiago sortu, hogei bat antzezlan eta pieza koreografiko eszenaratu eta ikus-entzunezko 16 lan grabau dira, tartean, film laburrak, bideoklipak eta dokumentalak; danetara, parte-hartzaileen aniztasuna, begirada kritikoa eta adierazpen-gaitasuna islatu dituen obrak.

Egoitza bakotxak bere testuingurura egokitu dau eredua, bazterketa-arriskuan dagozan nerabeakaz, emakume migratzaileakaz, nahi ez dan bakardade-egoeran dagozan personakaz, osasun mentaleko arazoak dituenakaz edo auzo periferikoetako egoiliarrakaz lan eginez, besteak beste. Esperientziak erakutsi dau kulturara eta arterako sarbidea osasun emozionalerako, integrazino komunitariorako eta gizarteratzeko tresna be badala.

San Frantziskoko auzo-etxea, Bilbon

Barraka XXI esperientzia laburbatzen dauen idea orokorra ondo baino hobeto emon dabe San Frantzisko auzoko gunea egoitza nagusi eta puntu neuralgikotzat hartutako eragile eta laguntzaileek, Mariaren Bihotza plazatik bertatik, Bilboko Udalaren lagapenari esker. Besteak beste, Norai Alkarteko Lukas Lópezen eretxiz, SGAE Fundazinoaren jarrerea oso aukera ona izan da auzo hau delinkuentziaga, indarkeria edo marjinalidadeagaz identifiketeari behingoz ixteko. Idea hori baztertu egin behar da. Betto Snay tailerren eguneroko jarraipenaz arduratu da eta zehaztu dauenez, San Frantziskon egindako lana oso egokia izan da, izan be, honakoa aniztasun handiko auzoa da.

2024ko irailean ikasturtea hasi zenetik, hemen eta inguruko beste gune batzuetan 700 eskola-ordu inguru emon dira, 300 lagunentzako 21 tailerretan. Autoreen eta Argitaratzaileen Alkarte Nagusiko kide diran irakasleak kontratau ditue, Ane Legarreta (koruko irakaslea Bilbozar zaharren egoitzan, besteak beste), Juana Lor eta Ricardo Padilla (antzerkiko irakasleak), BBoy Jaki (break-dance irakaslea), Javier Olleta Ply (hip-hop irakaslea), Ana Capilla (jantza irakaslea) edo David Caiña (ikus-entzunezko sorkuntzako irakaslea).

SGAEko ordezkari eta kide lez, Aiora Renteria (Zea Mays) eta Alex Sardui (Gatibu) artistak izan dira Euskadin ama eta aitabitxi. Norairen eskutik garatu da Barraca XXI bertan. Alkarte honek hamar urte baino gehiago daroaz umeeen, gazteen, edadekoen eta familien eskubideen alde lan egiten, eta formakuntzea darabil integrazino tresna lez Bilbo uriko auzo honetan eta beste hainbatetan. Horregaz batera, SGAE Fundazinoak Begirune Fundazinoagaz batu ditu indarrak. Honako Fundazino hau gizarteratze eta garapen komunitarioko prozesuetan espezializauta dago (Bilboko Udalaren Zubirik 2025 Planaren Idazkaritza Teknikoa daroa Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan) eta prestakuntza-jardueren eraginaren ebaluazino eta azterketa kuantitatibo zein kualitatibo borobila egin dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu