Milaka lagun batuko dira BECen, 33. Euskal Encounter topaketan

Bizkaie! 2025-07-23 11:23   Kulturea

Garagarrilaren 24tik 27ra, 4.000 ordenagailu eta 5.000 parte-hartzaile baino gehiago batuko dira.

Euskal Encounterrek indar teknologiko ikusgarria eskainiko dau, beste behin be, Barakaldoko BECen. Estaduko LAN party handiena eta Europako garrantzitsuenetakoa dan honek 4.000 ordenagailu baino gehiago, dozenaka kilometro kable eta standak eta milaka zale batuko ditu, informatikaz, teknologia barriez, barrikuntzaz eta kultura digitalaz giro parebakon gozetako.

Aurten abangoardia teknologikoaren eta konpromiso sozialaren alde egin dabe atontzaileek eta Euskaltelek eskainitako segundoko 60 gigabiteko Interneterako konexinoa izango dau, baita prestakuntza, entretenimendua eta networkinga buztartzen dituen 200 jarduera baino gehiago be. Gainera, Opengune eremu edegiak dozenaka hitzaldi, tailer eta erakusketa hartuko ditu hainbat gairen inguruan: 3D inprimaketea, bideojokoak, hezkuntza-teknologiak, ekimen solidarioak eta bestelakoak. Uniberso digitalaren barruan ikasteko, konpartiduteko eta hazteko ezinbesteko topagunea. Adimen artifizialaren erronkak, sektore teknologikoetako lan-aukerak, ziberindarkeria, hezkuntzarako tresna digitalak eta zibersegurtasuna izango dira berbagai.

Aurten, adimen artifiziala izango da ardatz Nagusia baina ondoko gaiak be jorratuko dira: programazinoa, ikerketarako eta irakaskuntzarako tresna digitalak, ziberindarkeriak, bideojokoen industria eta zibersegurtasuna. Javier Gómez-Arrue Euskal Encounterreko atontzaile nagusiak adierazo dauenez, topaketeak komunidade berezia sortu nahi dau, konbentzinoetatik harago pentsetan daben personakaz, teknologia apliketan dabenakaz, ezagutzea sormenagaz lotzen dabenakaz eta datuak eragin sozialagaz konektetan dituenakaz. Gure helburua da parte-hartzaileek informatikearen muga barriak aztertzea, lankidetza-proiektuak sortzea eta barrikuntza-ekosistemaz elikatzea, bai bilkura honetan eta bai aurrerantzean be.

Era berean, ekimenaren arduradunak atonketa taldeko kideen lana nabarmendu dau: 70 boluntario baino gehiago ditugu eta euren dedikazinoari eta profesionaltasunari esker erreferentziazko topaketea izaten jarraitzen dogu.

Nerea Enbeita Euskaltel Fundazioko zuzendariak adieraz dauenez, Fundazinoaren 25 urteetan Euskadi konektatuago, prestatuago, barritzaileago eta bardinzaleago baten alde lan egiten dabe. Mende lauren honetan zehar, Euskal Encounter ekimen eraldatzaileenetako bat izan da, 66 miloe euroko inpaktu sozioekonomikoa ekarri baitau. Emoitza hori gure jarrerearen isla da: teknologia gizarteari hurbildu, bokazino teknologikoak sortu eta ezagutzearen trukea, barrikuntzea eta talentua sustatu nahi ditugu, baita ekintzailetzea bultzatu be.

Joseba Mariezkurrena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza, Talentu eta Enpresa Lehiakortasuneko zuzendariak zehaztu dauenez, Barrixe Behatokiaren azken digitalizazino-txosteneko datuen arabera, Bizkaiko enpresen % 90k eraldaketa digitalari ekin deutso, % 70k aukeratzat hartzen dau baina ia erdiek zailtasunak ditu profil teknologikoak kontratetako. Horregaitik, Euskal Encounter lako ekimenak beharrezkoak dira.

Parte-hartzaileak eta bisitariak batuko dituen Openguneak egunero 2.000 persona inguru hartzea espero dabe atontzaileek; bertan, 50 prestakuntza-jarduera baino gehiago izango dira eta horreen artean dagoz SPRIk atondutakoak enpresen formakuntzea sustatzeko egungo gai barritzaileenen inguruan: adimen artifiziala, zibersegurtasuna edo bideojokoak, beste batzuen artean.

Elixabete Garcia Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendariak adierazo dauenez, badakigu adimen artifiziala, zibersegurtasuna, 3D edukien sorkuntzea eta bideojokoak etorkizuneko sektore industrialak dirala, enplegua eta garapen ekonomikoa sortzen baitabe. Euskal Encounter aisialdirako gunea eta arlo horreetan ezagutza-trukea eta barrikuntzea sustatzeko aukerea be eskaintzen dau. Horregaitik, 33. edizino honetan, parte-hartzaile guztientzako sei prestakuntza-arlo izango ditugu, SPRI taldearen Enpresa Digitala programen bidez, Eusko Jaurlaritzeak informatika eta teknologia bultzatzeko dauen konpromisoaren isla.

Partyaren atalak

Euskal Encounterrek ohiko arloak landuko ditu: sormen digitala, hardwarea, software librea, bideojokoak eta aisialdirako jarduerak. Parte-hartzaileek beren talentua probetak aukerea izango dabe arte digitaleko hogei bat lehiaketatan. Horrezaz gan, 50 bideojoko-lehiaketa baino gehiago eta software libreko erronka espezifikoak izango dira. Azken horreetan, programazinoko eta informatikako adituek proba ugari gainditu beharko ditue hainbat arlotan: hacking etikoa, kriptografia, logikea, puzzleak eta alderantzizko injinerutzea.

Streaming guneak leku nabarmena izango dau partyaren edizino barri honetan. Atal hau edukien sortzaileentzako espazioa da, arlo dinamikoenetakoa; eta ekosistema digitalaren barruan hazkunde betean dagoan sektore honi ikusgarritasuna emongo deutso.

Euskal Encounterreko ateak zabalik egongo dira topaketako giroa ezagutu eta kultura digitalean sartu eta teknologia berrien inguruan ikasi nahi dabenentzat eta, beraz, Javier Gómez-Arruek BECera hurreratzeko konbita egin deutse herritarrei, Openguneak edade eta ezagutza-maila guztientzako eskainiko dauen jarduera-programa zabalaz gozau deien.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Babesleak

33. edizinoaren babesle dira Euskaltel Fundazinoa, Eusko Jaurlaritzea SPRIren bidez, Bizkaiko Foru Aldundia eta BBK Fundazinoa, Euskaltelen laguntzeagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu