Solatsu Teileria edegi dabe
2025-07-22 13:23 KultureaGure ezkutuko ondarea ezagutzeko interpretazio-zentroa.
Harria eta Taladrina aldizkariaren azken aleak dakarren bezela, industria ahaztua izan da teilagintzea Euskal Herrian, prestigio gitxikoa, baina inportantzia handikoa. Elorrion hiru teileria egon ziran XVIII-XIX mendeen artean.
Horreetako bat izan zan San Agustin eleizearen ondokoa. Gainera, Gipuzkoan eta Bizkaian egozan 400 teilerigaz alderatuta bereizgarria: eleizeak aginduta sortu zan, segurutik, San Agustingo eraikin erlijiosoaren teilatua konpontzeko, XVII. mendean. Eleizeak errentari onenari ixten eutson alokairuan teileria, harek erabilteko, 52 familiek ekintza judizial bidez teileriaren eskumena lortu eta kooperatiba sortu eben arte. 1936ko gerrea hasi zan arte emon eutsen zerbitzua elorriarrei.
Saiakerak egin arren, ezin izan eben jarduerea artisau ha berreskuratu, produkzino mekanikoa garatuta egoalako ordurako. Halanda be, eraikinaren gaur egungo jaubeak guneari beste erabilera bat emoteko aukerea aprobetxau eta agirikoa da emoitzea: sei urteko zaharbarritze lanen ostean, Solatsu Teileria interpretazino-zentro bezela edegi dabe. Gure inguruan bisitau daitekeen teileria bakarra da.
Ikusi eta ikasteko kontu asko
Dudarik ez dago ondare industrial berezi baten barri emoten dauela Solatsuk, Ane Miren Arriagaren eta Marisa Martinsen eskutik. Informazio-panelak, antxinako teilak eta lanabesak, labea panpin-itxurako langileakaz, umeentzako jolas tematikoak… Badago lantoki eta lanbide horri buruz zer ikusi eta zer entzun: erabarritze-lanak argazki batean oinarrituta egin ditugu, antxina teilatua zelan egoan ikusi daiteke, izan be, teileria guztiak ez ziran estaliak. Egia esan, bertako langileak, teilaginak, ez egozan ondo ikusita; lanbide zikina zan, oso gogorra eta kanpotarrek egiten eben, gehienbat, asturiarrek. Gremio-berbakerea be sortu eben, xiriga. Babesa eta jaubetzea sinbolizetan eben teilek: esaterako, emakumeak, erditzean, 40 egunean ezin eben etxetik urten. Urteten baziran, teilea buruan jarrita izaten zan, etxe barruan egozala adierazoteko. Artzainek debekatuta eben etxolak teilakaz estaltzea, eraikina sasoi baterako hartzen ebelako, hau da, ez zalako euren jaubetzakoa. Mugarri bezela be erabilten ziran teila zatiak, lur jaubetzak marketako, adierazo dau Arriagak.
Holako eta antzeko kontu gehiago ezagutu daitekez Solatsun. Helburua, Arriagaren berbetan, jenteari eta familiei plana eskaintzea da. Ez bakarrik teilerian, baita Elorrion be. Bertako historia eta ondarea ezagutu eta gogoratu deiela. Galdu dogun industria bati buruz, langileei buruz ikastea.
Datorren ikasturtean zehar, ikastetxeak animau gura ditue bisitak egin deiezan, 5 edo 15 urte artekoentzat egokitutako jarduerak baitagoz. Teileria da Solatsuren harribitxia, baina badago baserria be. Lotarako bost apartamentuz eta ekitaldietarako txokoaz horniduta egongo da.
Inaugurazino ofiziala, urrian
Arriagak aurreratu dauenez, Europako Ondare Jardunaldietan parte hartuko dabe urrian, bisita librea eta umeentzako tailerra atonduta. Garai horretan inaugurazino ofiziala be egingo dabe, proiektua aurrera ataraten lagundu deutsen eragile guztiak konbidaduta: lanbidea zelakoa dan erakutsi deuskuen Salamancako teilaginak, Aldundiko arduradunak, Urkiola Landa Garapenekoak, Elorrioko Udalekoak...
Udan zehar, barriz, dinamikea zelan doan ikusiko dabe, zer hobetu eta jenteak zelako balorazinoa egiten dauen aztertuz.
Ilusinoz jarri dira martxan eta interesa dauen edozeinek ateak parez pare daukaz edegita. Informazino gehiago eta sarrerak hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!