Durangok bat egin dau UNICEF erakundeagaz 'Umeen Uri Laguna' izateko

Bizkaie! 2025-07-21 09:44   Kulturea

Umeen eta nerabeen bizi-kalidadea hobetzea da asmoa.

Durangoko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dau UNICEF Euskadiko Batzordeagaz, udalerria Umeen Lagun dan Uria izentapena jasoten daben herrietako bat izateko. Ekimen horrek ume eta nerabeen eskubideak sustatu eta babesteko politika aktiboak lantzen dituen udalerriak autortzen ditu.

Sinadura-ekitaldian Mireia Elkoroiribe Durangoko alkateak eta Joseba Madariaga UNICEF Euskadiko Batzordeko presidenteak parte hartu dabe. Udalbatza osotzen daben talde politiko guztietako ordezkariak be berton izan dira. Lankidetza horren garrantzia nabarmendu dabe, udalerriak umeen ondoizateagaz dauen konpromisoa indartzeko bidea baita.

Akordioa sinatzeak gizarte inklusiboago eta bidezkoago bategaz dogun konpromisoa indartzen dau. Gure umeak askatasunez, segurtasunez eta, batez be, euren gaitasun osoa garatzeko aukerakaz hazteko lekua izatea nahi dogu. Era berean, oinarrizkoa da gure gazteei entzutea, euren proposamenak kontuan hartzea eta beharrak lehentasunez jorratzea erabagiak hartzerakoan, guztiontzat etxe izango dan udalerria eregiteko, adierazo dau Elkoroiribek.

Bestalde, Joseba Madariaga, UNICEF Euskadiko Batzordeko presidenteak azpimarratu dau politika publikoek umeak eta nerabeak erdigunean jarri behar dituela: Durango Umeen Lagun dan Uria bezela autortzeak bultzadea izango da umeek eta nerabeek herriko eragile aktibo bezela dituen eskubideak erabilteko. Parte-hartzeko espazioen bidez, euren gaitasun eta potentzial osoa garatzen lagunduko daben mekanismoak sortuko dira.

Konpromiso eta ekintza nagusiak

Sinatutako hitzarmenak konpromiso zehatzak ezartzen ditu Durangoko umeen eta nerabeen bizi-kalidadea hobetzeko bidean aurrera egiteko. Besteak beste, Udalak ondoko konpromiso eta ekintza honeek beteko ditu:

  • Durangoko ume eta nerabeen egoerearen diagnostikoa egitea, udalerriko gazteek dituen behar eta erronka nagusiak identifiketako.
  • Umeen eskubideetan oinarritutako Ume eta Nerabeentzako Tokiko Plana sortzea eta ezartzea eta aurrerapenak ebaluetako adierazle espezifikoak dituan jarraipen-sistemea ezartzea.  
  • Baliabideak esleitzea eta koordinazino-egiturak sortzea, udal-politika guztiek umeen ikuspegia barruan hartu deien eta horreen beharrak udal-jarduera guztietan txertatzea.

Jesica Ruiz Haur eta Gazteria zinegotziak Durangoko Ume eta Gazte Kontseiluekaz daben lankidetza estua nabarmendu dau, prozesu horretan oinarrizko zeregina beteten dabe-eta: beharrezkoa da umeei eta nerabeei entzutea, horreen ahotsak ezinbestekoak dira-eta euren beharretara egokitzen dan udalerri bihurtzeko. Hori da modu bakarra gizarte justu eta orekatua eregiteko.

Hurrengo pausuak eta herritarren parte-hartzea

Konpromisoa ezartzeko prozesua Durangoko ume eta gazteen egoeraren diagnostikoa martxan jarteagaz hasiko da, datorren ikasturtearen hasieran. Diagnostikoa herritarrak inplikauko dituan parte-hartze prozesu baten bidez egingo da, arreta berezia hezkuntza komunidadean jarriz, egingo diran ekintzak eta estrategiak udalerriaren benetako beharrakaz bat datozela bermatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu