Guraso eta etorkinentzako euskera eskoletan izena emoteko epea zabalik dago
2024-09-24 07:51 Euskerea berbagaiUrriaren 11ra arte.
Aurten be, ikasturte barriagaz batera, Bermeoko Udalak gurasoentzako eta etorkinentzako euskera eskolak atondu ditu, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiakaz alkarlanean. Ikastaro horreen bidez, alde batetik, familia bidezko transmisinoa indartu gura da, euskeraz ez dakiten gurasoei ikasteko erraztasunak emonez; eta, beste alde batetik, Bermeora kanpotik etorri diranentzat euskerea ikasteko aukerea zabaldu gura da.
Ikastaro horreetan parte hartzeko interesa dabenek urriaren 11ra arte emon ahal izango dabe izena Berhaz bulegoan. Iker Bilbao San Nikolas Euskara zinegotziak esan dauenez, urrian hasiko diran ikastaro honeek bagilera bitartean izango dira, eta batean zein bestean, taldeei egokitutako metodologiak erabiliko ditue.
Gurasoentzako euskera ikastaroak AEK euskaltegian eskaintzen dira. Jakitera emon dabenez, ikastaro honeetan bai euskeraz ez dakitenek eta bai berbetan jakin arren, alfabetau nahi dabenek parte hartu leikie. Seme-alabakaz ohiko hartu-emonetan komuniketako trebetasunak landuko ditue, ulermena eta berba egiteko lotsea galdu eta testu laburrak irakurten eta idazten ikasiko dabe. Astean birritan batuko dira, ordu bi egun bakotxean.
Metodologia praktikoa erabilten dabe, egunerokotasunagaz lotutako ariketak eginez. Matrikulea 20 euro ordaindu beharko da.
Gotzon Garitaonaindia euskaltegiak dauka, barriz, etorkinentzako ikastaroaren ardurea. Helburu nagusia da etorkinei euskerea ikasteko aukerea emotea, integrazio errazagoa izan deien. Astean lau ordutan batzen dira; ordu bi, egun bitan. Etorkinentzako ikastaroan komuniketako oinarrizko gaitasuna lantzen da, HABEk garatutako Aisa metodologiaren bitartez. Klaseak oso praktikoak izaten dira, helburua erabilerea delako eta erabilera horren bitartez lortu gura da etorkinak gure kulturea ezagutzea eta gure artean integretea. Ikastaro hau beste herrialde batzuetatik etorritako personentzat atontzen da, berton biziteko euskerea ikastea sano lagungarria dalako, izan be, euskerea jakiteak hartu-emanak erraztu eta aukerak eta bideak zabaltzen ditu. Ikastaro honen prezioa 10 eurokoa da.
Bermeoko Udalak eta euskaltegiek urteak daroez alkarlanean, eta orain arte ikastaro bi honeek emoitza oso onak izan ditue.
Beste alde batetik, 2024-2025 ikasturterako matrikulazino kanpainea martxan dagoala gogoratu dabe. Hiru zentro dagoz Bermeon euskerea ikasteko:
Hizkuntza Eskola Ofiziala, AEK eta Gotzon Garitaonaindia. 16 urtetik gorako edozein herritarrentzat aukera anitza eta ordutegi zabala dala nabarmendu dabe, metodologia eguneratuak eta baliabide egokiak eskainita.
Matrikulea egiteko beharrezkoak diranak eta eskuratu daitekezan dirulaguntzei buruzko informazinoa jasoko dabe euskaltegietara joaten diranek. HABEk eta Bermeoko Udalak dirulaguntzak eskaintzen ditue, ikasleek ordaintzen daben matrikula gastuetan ahalik eta erraztasun handiena izan deien. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak ondokoa esan dau: oso pozik nago beste aurten be guraso eta etorkinentzako euskera eskolak eskainiko ditugulako eta aukera polita dalako. Prentsaurrekoa aprobetxau du eskerrak emoteko euskaltegiei, urte honeetan guztietan egin daben lanagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!