'Piztu!' goiburupean, Zangozan Nafarroa Oinez izango da urriaren 20an
2024-09-23 11:23 Euskerea berbagaiEuskaltzaindiak Zangozako Ikastolea bisitau dau.
Zangozako ikastoleari egokitu jako 2024ko jaialdia atontzea eta bisitea nahitaezkoa zan. Goizeko 10:00etan batzarra ehin dabe udaletxean eta ondoren, ikastolea osotzen daben udaletako kideek eta tokiko mankomunidadeko ordezkariek harrerea egin deutse euskaltzainei. Ordezkarien artean izan dira Javier Solozábal Zangozako alkatea, Carlos Arecelus Zangozako ikastolako burua eta Nagore Telletxea zuzendaria.
Barriketaldiaren eta opari-trukearen ostean -tartean, Sixto Jimenez historialariaren Zangozaldea: ibilbide historiko bat liburua-, ikastolara hurrerartu dira Euskaltzaindiaren ordezkariak, eta bertan ikasleakaz eta irakasleakaz berba egin dabe, gaztetxoen galdera zirikatzaileak erantzun dituela, gogo onez. Ikasgeletako bisitak amaitu eta jolastokira urten dabenean, ikastolako zenbait ikaslek babarrun-zakuto bana oparitu deutse euskaltzainei:
Piztu!
Piztu! da 2024ko Nafarroa Oinez-en leloa eta aditzaren adiera danakaz olgau nahi da, ekimenaren lau helburu nagusiakaz bat egiteko. Piztu (sustatu) kalidadezko hezkuntzea eta, aldi berean, euskereari bultzadea emoten jarraitu. Piztu (suspertu) auzolana, piztu (sortu) baliabideak eta, amaitzeko, piztu energia garbien etengailua (piztu irudimena energia aurrezteko). Holan adierazo dabe behin eta barriro ikastolako arduradunek.
Danetara, hiru Nafarroa Oinez atondu dira aurretiaz Zangozan. Lehenengoa, 1987an, egungo ikastolearen eraikina sortzeko erabili zana. 1998an egin zanari esker, erreformak egin ziran, eta 2005ean Ume Hezkuntzako eraikina altzau eben. Beraz, urriaren 20koa laugarren Nafarroa Oinez izango da udalerrian.
Zangozako Ikastolea
Aurten, 45 urte beteko ditu Zangozako Ikastoleak, eta daborduko ez da herri bakarreko proiektua, eskualdeko 13 herrira zabaldu dan ekimena baino. Holan, 59 ikaslek, 109 familiak eta 26 profesionalek osotzen dabe Ikastola.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!