Zamakolako Juan Demas eskolak irabazi dau Ibiltarien Saria

Bizkaie! 2024-09-20 08:44   Kulturea

Eskolak Bideak programan egindako lana autortuz.

Hamahirugarren aldiz eta Mobikortasunaren Aste Europarraren barruan, Nora Abete Bilboko Udaleko alkateorde eta Mobikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak Ibiltariaren Saria emon dau. Halanda ze, Zamakolako Juan Delmas ikastetxe publikoak eskuratu dau saria, Eskola Bideak programan egindako lan aitzindaria autortuz.

Eskola Bideak programearen bidez ikasleen autonomiaren garapena bultzatzeko ikastetxeak egindako ahalegina saritzen da. Zuzendaritza-taldeak jaso dau saria. Auzo osoa proiektuan inplikauta dagoala adierazo dabe eta seigarren mailako ikasleei eskerrak emon deutsee, igazko ikasturtean beste ikasleentzako gidari-lanak egin zituelako.

16 ikastetxe eta 850 ikasle dira 2024ko Eskola Bideak programan parte hartzen dabenak. Deialdian izena emon daben eskolak ondoko honeek dira: Larregaburu, Pagasarribide eskola, Indautxuko eskola, Gallego Gorria eskola, Artxandape ikastola, Kirikiño ikastola, Iruarteta, Tiboli eskola, Cervantes eskola, Intxixu Ikastola, Mujika eskola, Maestro García Rivero eskola, Karmelo ikastola, Luis Briñas eskola eta irabazlea, Juan Delmas eskola hain zuzen be.

Bilboko Ibiltariaren Sariak Bilbo atseginago, bizigarriago eta jasangarriago bihurtzen laguntzen daben personen eta kolektiboen lana eta balioak autortzen ditu.

Badira urte batzuk Bilboko Udalak proiektua sustatzen dauela herritar aktiboaren balioetan oinarritutako hezkuntza estrategia bezela. Eskola Bideak ekimena Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei eta guraso-alkarteei zuzenduta dago, beti be, ikasleen artean autonomia sustatu nahi dabenean. Horretarako, ibilbide seguruak eta markautako puntuak diseinatzen dira ibilbideetan; ganera, auzoetako saltokien lankidetzea izaten dabe, segurtasun-sarearen parte baitira.

Eskola bideak uri-proiektuak dira, herritarrak balioetan hezi eta trebatzeko, beti be autonomian, alkartasunean, bizikidetza onean eta jasangarritasunean oinarrituta. Ekimena, Europako hainbat herritan egiten da. Helburua da umeak modu autonomoan oinez edo bizikletaz joatea eskolara, markautako eta egokitutako ibilbidea erabiliz, joan-etorri hori segurua eta atsegina izan daiten.

2012tik, Udalak hainbat personari eta kolektibori emon deutse saria, besteak beste, Virginia Berasategi triatleteari, Ibon Areso Bilboko alkate izandakoari edo Txema Soria eta Jon Mugica kronista sozialei, Gorabideren erabiltzaileei, TeleBilbaoren erreportariei edo BSR Bidaideak Bilbao saskibaloi talde inklusiboari.

Irabazleen zerrendea

  • 2012: Virginia Berasategui, Bilboko triatleta.
  • 2013: Bilboko txikiteroak.
  • 2014: Bakuva, gizarte-laneko alkartea.
  • 2015: Gorabide gizarte-laneko alkartearen erabiltzaileak.
  • 2016: Ibon Areso, Bilboko alkate izandakoa.
  • 2017: urian mobikortasuna hobetzen laguntzen daben askotariko emakumeak (esaterako, Bilbobuseko gidariak, udaltzainak, metroko gidariak eta TAOko langileak).
  • 2018: Fortunato Vencedor, laurogei urteak beteak dituan korrikalaria.
  • 2019: Txema Soria eta Jon Mujika Ekitaldietako kazetariak.
  • 2020: Esmeralda Herlo. Conoce Bilbao con Esme Facebook-eko orriaren sortzailea.
  • 2021: Bidaideak Bilbao BSR Saskibaloi inklusiboko taldea.
  • 2022: TeleBilbao kaleko erreportariak.
  • 2023: Jon Aldeiturriaga, Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkarteko presidente ohia.
  • 2024: Juan Delmas ikastetxea (Zamakola), Eskola Bideak programan parte hartzearren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu