Martxan da III. Arnasetik, gazteei zuzendutako bideosormen lehiaketea

Bizkaie! 2024-09-18 10:09   Kulturea

Lanak, urriaren 31ra arte bialtzeko aukerea izango dabe.

Hirugarren urtez, Arnasa Gara ekimenak Arnasetik bideosormen lehiaketea atondu dau euskerearen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena eta euren hizkuntza ohituren eta herrien inguruan gogoetea bizteko. Arnasa Gara UEMAk, Eusko Jaurlaritzeak eta Nafarroako Gobernuak alkarregaz sustatutako egitasmoa da, eta euskerearen arnasguneek daben garrantzia jentarteratzea dau helburu, euskerearen bizibarritzeak eta euskereak herriari egiten deutsen ekarpena nabarmenduz. 2023ko edizinoan 112 lan jaso zituan eta 1.600 bototik gora.

Lehiaketan, euskerearen arnasguneetako ikastetxeetako ikasleek, zein arnasguneetako ikasleek jasoten dituen ikastetxeetako ikasleek hartu leikie parte banaka edo lagunartean. Horreen egitekoa euskereari lotutako istorioak kontetea izango da minutu biko ikus-entzuneko lanen bidez, eskatutako erronkeari erantzunez.

Hiru kategoria, hiru erronka

Aurreko edizinoetan lez, Arnasetik lehiaketearen hirugarren edizinoa be edadearen araberako hiru kategoriatan banatzen da. Beraz, kategoria bakotxean hainbat erronka-erantzun emoteko bideoak aurkeztu beharko ditue:

  • LH 5 eta 6: herriko txoko maiterako bidea erakutsi beharko dabe eta adierazo zergatik dan eurentzat han berezia, zer eroaten daben bertara edo zer bizipen izan dituen han.
  • DBH 1 eta 2: herriko urteko egunik berezienerako zelan atontzen diran erakutsi beharko dabe; zelan sortu zan, zergaitik eta jai egun horretan zer sentiduten daben adierazoz.
  • DBH 3 eta 4: kazetari papela hartuko dabe eta kalean zehar jenteari galdetuko deutse herriko zein beste personaren azalean jarriko litzatekezan. Behin erantzuna jasota, herritar horrengana hurreratuko da galdera bera egitera bosteko segidea osotu arte.

Kategoria bakotxak 500 euroko sari baliokidea izango dau, baita publikoaren sariak be. Honakoetan gastau ahal izango da nahi dan moduan: IrisarriLand-en, Durangoko Azokan, EITB-ko Goazen! eta Irabazi arte! telesailen merchandising-ean, Gure Zirkuan, etab.

Sormen lanak urriaren 31ra bialtzeko aukerea izango dabe eta publikoak zemendiaren 5etik 15era izango dau epea bere botoa emoteko hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu