Irailaren 19an hasiko da XI. Atlantikaldia
2024-09-18 08:52 KultureaArtxipelagoa goiburuari eutsiz.
Musikea, jantzea, artea, literaturea, kirola, bertsolaritzea, historia eta gastronomiaren inguruko 56 jarduera eta emonaldik osotuko dabe irailaren 19tik 22ra egingo dan XI. Atlantikaldia Kultur Topagunea. Betiko lez, lau gune nagusi izango ditu: Itsasargi Nagusia (Oholtza nagusia); Herriko Plaza; Kalekaia; eta Herrixka (Gune gastronomikoa).
Musikeari jagokonez estilo, genero eta jatorri askotako proposamenak taularatu eta alkarrizketa eta sormen artistikoak sustauko dira aurton be. Programazinoan dagoz Morgane Ji, Iseo & Dodosound, La Otra, Esanezin, La Txama, Bichos Raros, Bele, Azul Ferreira, The Donkey Riders, Ane Martija, Kbless DJ set, Akaleia, Ganibet, Safu, DJ Reimy, Elh Malick, Samba Badago, High Alai DJ set, Rig3l, Sotoalde, Lamia Mari eta DJ Katanga. Zuzeneko guztiak doban izango dira.
Ez da faltako Herri Arte Eskoleak Asturiasko 4 artistakaz martian egindako alkartrukearen emoitzearen taularatzea, Asturiar konexioa izenekoa. Ondoko honeek ibili dira alkarlanean: HAEko 50 ikasle eta irakasle baino gehiago; Pola de Sieroko Laura Ruiz (ahotsea, panderoa eta jantzea); Guille Perez (gaitea); Nel Sanchez (akordeoi diatonikoa); eta Arsenio Ruiz (danborra).
Musika Bandeak be urteroko hitzorduari eutsi eta Celtic Tides ikuskizuna emongo dau zapatuan, hilak 21, Herriko plazan, 13:00ean.
Zerrenda luze horri, beste behin, Itsas Alkarrizketak gehituko jake: Julen Achiary eta Maddi Oihenart, La Furia, eta Safu izango dira, eta horreekaz izango dira berbaldian, hurranez hurran, Cocanha, Francisco el Hombre eta Queralt La Hoz. Ekimen horren bidez, nazinoarteko eta bertako sortzaileak alkarregaz ibiliko dira jaialdiko oholtzetan, jatorri askotako sortzaileak hartu-emonetan jarriz, aitatu dabe atontzaileek.
Musika eta jantza ikuskizunez gan, egitarauan poesia, gastronomia, ume eta helduentzako tailerrak, kirolak, bisita gidatuek, bertsolaritzea, jantzak iragarri ditue. Berezitasun modura, eguen goizean herriko ikastetxe guztietako LH4ko umeek jaialdirako beren-beregi sortutako jantzea eskainiko dabe Gernika Plazan Atlantikaldia Dantzan izenburupean; bariku arratsaldean barriz, Begiradak proiektuaren markoan Idoia Lizeaga eta Marion Lemmenek alkarlanean sortuko daben Itsas Puntua, Ikus Puntua lore-instalazinoaren sorkuntza prozesua ikusi ahal izango da Erdiko kalean.
Jaialdian klasiko bilakatu dan Sukaldian ekimenari esker, nazinoarteko gastronomiak be tokia izango dau. Parte-hartzaileek herriko hainbat alkartetan kozinauko ditue Errenterian errotuta dagozan Galizia, Ukraina, Pakistan, Turkia, Venezuela, Ijito Herria eta Marokoko jatekoak. Ondoren, Foru plazan kokatutako Herrixkan izango da jaki horreek euro batean probeteko aukerea. Aurton, zapatuan barik, domekan izango da Sukaldian. Batutako dirua Zaporeak alkartearen proiektuari eskainiko jako.
Programazino osoa eta informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!