10.000 ikasle bizkaitarrek parte hartuko dabe aurten Mundu Bat Bertso proiektuan

Bizkaie! 2024-09-18 08:21   Bertsolaritzea

Bizkaian, 69 herri eta 204 ikastetxeetako ikasleek bertsolaritzea landuko dabe ikasgeletan.

Ikasturte barria hasi eta Bertsozale Alkartearen Mundu bat bertso proiektua be badator. Maiatzaren amaierara arte, 10.000 ikasle bizkaitarrek izango dabe bertsolaritzea ikastetxean lantzeko aukerea.

Proiektuak umeen hizkuntza gaitasunean eta ahozkotasunean eragitea ditu helburu nagusi eta, horretarako, bertsolaritzea dau tresna. Euskal Herri osoan dago martxan: ia 30.000 umek eta gaztetxok hartzen dabee parte.

Mundu bat bertsok urteak daroaz Bizkaiko zein Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetako ikastetxeetako umeen artean bertsolaritzea sustatzen, batez be, Lehen Hezkuntzako 3. zikloan; nahiz eta aurreko zikloan zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan be eskaintzen dan.

Eskoleak astero emoten dira, Bertsozale Alkarteko irakasleen eskutik

Proiektuan lau arlo nagusi lantzen dira, betiko helburuei eutsiz: hizkuntzea, kulturea, musikea eta trebetasun personalak eta sozialak. Lau arlo horreek alkarri eragiten deutse, izan be, euskerea bultzatzen dabe jarduera ludiko eta dinamikoen bitartez, baina horrek ezinbestean lotzen ditu euskal kulturara; eta horren parte da bertsolaritzea. Bertsolaritzearen ezaugarriak (doinuak, errimak eta beste) ezagututa, ostera, musikeagaz be egiten dabe loturea, doinuak, entzute aktiboa, intonazinoa eta bestelakoak lantzen dituelako. Eta, azkenik, berba hartze horretan, aurreko hiru arlo horreek lantzeaz gan, jentaurrean agertzea be lantzen dabe, baita dialektikea eta lankidetzea be, esaterako.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu