Mintzapraktika egitasmoetan izena emoteko epea zabalik
2024-09-17 11:26 Euskerea berbagaiEta euskeraz egiten badogu? goiburuari eutsiz hasi da izena emoteko kanpainea.
Hiru hamarkaden langea gaindituta, indartsu jarraitzen dau Mintzapraktika egitasmoak eta aurten, ikasturte barri bati ekingo deutse milaka lagunek Euskal Herriko txoko askotan. Egitasmoaren funtzionamendua oso sinplea da: euskeraz ondo moldatzen dan persona bat, hizkuntza mailea hobetu nahi daben lagun talde bategaz batzen da eta hainbat gaien inguruan berba egiten dabe. Maiztasuna, normalean, asterokoa izaten da.
Baina hogeita hamar urte baino gehiago dituan egitasmo batek gaur egunean be ukera erakargarria izaten jarraitzeko, eraldatzeko, moldatzeko eta eboluzionetako aitasuna behar dau. Pandemia garaietan onlinera egin eban salto Mintzapraktikak ta horrek, mugak hausi zituan munduan zehar sakabanatuta dagozan euskaltzaleei e euskera praktiketako aukereaz. Poliki-poliki, egitasmoak beste behar atzuk asetu eta eremu gehiago konkistau ditu, gero eta hartzaile gehiagorengana helduz.
Egin nahi dozun hori, egizu euskeraz
Bada Mintzapraktika kafetegi batean, kafe baten bueltan egiten jarraitu nahi dauenik, baina zergaitik ez buztartu Mintzapraktikea beste zaletasun batzuekaz? Izan be, euskeraz egiteko ez dogu gure gogoa besterik behar, baina aldi berean, beste edozein osogarrigaz lagundu geinke: yogako esterilea, kakorratzak, mendiko botak, boxeoko eskularruak, bizikletak...
Aisialdia atontzeko orduan, parte-hartzaileek ez ditue bere zaletasunak mintzapraktikea egiteko alde batera itxi behar, dana buztartu leikielako. Eta ez hori bakarrik, bere interes berak dituten personak ezagutu leiukiez, hartu-emonak euskeraz eregiz. Egun beraz, talde aina modu dagoz mintzapraktikea egiteko. Batzuk astero batzen dira, besteak hilero, besteak astean birritan...; Goiz osoa emon leikie mendian edo pare bat ordu josten eta barriketan. Moldagarria, malgua, anitza eta ederra da mintzapraktikea.
Erabilerearen mesedetan
Euskerearen erabileran salto egin behar dogun momentu honetan, oso azpimarragarria da Mintzapraktikeak alor honetan egiten dauen ekarpena. Hiztegia bereganatzen, segurtasuna irabazten eta bildurrak batzertzen laguntzen deutse persona askori, poliki-poliki bere egunerokotasunean euskerea erabiltera animatuz. Euskal hiztun barriak mingaina jantzan jartera laguntzen ditu, ezagutza eta erabilerearen arteko salto hori era progresiboan eta segurtasunez emoten lagunduz.
Mintzapraktika egitasmoetan izena emoteko interesa dauenak bere herriko euskera alkarte edo euskaltegira jo leike, dagozann taldeak ezagutu edo, zergaitik ez, beste talde batzuk proponiduteko. Bestela, www.mintzalaguna.eus orrialdean be badago izena emoteko aukerea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!