'Euskerea Zu zara' goiburupeko kanpainea dakar AEKko Praktikatu zerbitzuak
2024-09-17 08:44 Euskerea berbagaiHitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak be aurrera jarraituko dik/din.
Ekimen honegaz, AEKk euskaldunon komunidadea osotzeko norbanakoen garrantzia azpimarratu nahi dau, eta bereziki, mintzapraktika programetako parte-hartzaileen zeregina: egunero hizkuntzan trebatu, praktikau eta bizi diran guztiok euskaldunon komunidadea osotzen dabe, “eta horren alde era aktiboan jartenn garenean, euskerea gara denok”.
Edorta Lopez Praktikatu zerbitzuaren koordinatzailearen esanetan, Mintzapraktika programetan ez dago ez zahar, ez barri; ez hango, ez hemengo... Programen bidez hiztun guztiek gustura eta lasai egiten dabe euskeraz, euskaldunon komunidadea indartu eta zabaltzeko.
Datozen egunetan hasiko dira batzen berbalagun, mintzakide eta mintzalagunak 103 herritan: Agoitzetik Muskizera edo Tuteratik Zarautzera. Aurten egitasmo barriak jarriko ditue martxan: mintzalaguna Lezon, berbalagun Artziniegan eta, lehen aldiz, gurasolagun programea Hernanin. Iparraldean, AEKk mintzalagun-taldeak abiauko ditu Lapurdiko bost herritan: Itsasun, Baionan, Kanbon, Uztaritzen eta Hendaian.
Era berean, zerbitzuaren ekintza osogarrien inguruan ondokoa nabarmendu dau Lopezek: AEKren Praktikatu zerbitzuan jarraituko dogu euskerazko aisialdia sustatzen ekintza osogarrien bidez. Igazko ikasturtean, 500 aktibidade baino gehiago atondu genduzan, besteak beste, tailerrak, ibilaldiak, mintzodromoak, egonaldiak astegoienetan, udako ibiltaria, Zilegi Asteak eta bestelakoak.
Horrezaz gan, hitanoa lantzeko Hiketalagun proiektuak be aurrera jarraituko dik/din, alkarri hika berba egiteko talde barriakaz. Familientzako Gurasolagun taldeetan be segiduko dabe olgeta, ibitaldi eta tailerrak egiten, helduek eta umeek aukerea izan deien alkarregaz euskeraz egin deien. Azkenik, zemendian online-taldeak be hasiko dira.
Parte-hartzea doban da eta kide guztiek deskontu zein sari politak eskuratu leikiez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!