Itsuki Irratia martxan barriro
2024-09-13 08:30 KultureaBermeoko Udalak eta Kostarri Kultur Alkarteak hitzarmena sinatu dabe.
Astelehenean (hilak16), Santa Eufemia egunean, herritarrakaz lehen hartu-emonak izango ditue, jai eremuan jarriko daben karpa batean. Bermeoko Udalak eta Kostarri Kultur Alkarteak hitzarmena sinatu dabe Itsuki Irratia barriro be martxan ipinteko.
Bermeoko Udalaren Legealdi Planeko ardatz estrategikoetako bat, Bermeo bizi bat lortzea da eta ardatz horren barruan, herria erakusleiho artistiko eta kulturala bihurtzearen, herriko ondare kulturala eta identidadea balioan jartearen, Bermeoko jaiei hauspoa emotearen eta herritarrak euskeraz bizi daitezan lortzeko, euskera bereizgarri eta erakargarri egitearen helburu estrategikoak ditu. Kostarri Kultur Alkartearen proiektua helburu estrategiko horrekan lerrokatuta dagoala adierazo dabe udal gobernuko kideek, eta horregaitik, eurekaz hitzarmena sinatzea erabagi da.
Ia 37 urteko etenik bako jarduerearen ostean, 2022. urteko urtarrilean behin betiko eten eban emisinoa Itsuki Irratiak. Orain, bueltan dator, erabarrituta. Azaldu dabenez, formatu barritzailea izango dau, baina lehengo kutsuari eutsiz; esangura horretan, bermeotar guztiei zuzendutako programazinoa zabaltzen saiatuko dira: hurbileko irratia izango da, euskalduna eta bertoko informazinoari lehentasuna emongo deutsona, bertokoei lekua emonik, kutsu herrikoiagaz, herritarrak ondo informauta egon daitezen eta herriko nortasuna sustatuta, adierazo dau Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk.
Xabier Ortuzar Butron alkateordeak aitatu dau Itsuki Irratiak lehengo lekuari eutsiko deutsola: Udalak, lehen Itsuki Irratia egoen Atalde kaleko lokala (antxinako bedel etxea) eukan erabili barik eta Kostarri Kultur Alkartekoek leku horretan egingo dabe lan. Denporatxua daroe gauzak atontzen, ahalik eta arinen martxan jarri ahal izateko.
Hiru ekintzaile bermeotar dagoz Kostarri Kultur Alkartean: Josu Urkidi Elortegi, Jon Guarrotxena Layuno eta Ane Gangoiti Fradua.
Busturialdeko X. Enpresa Idea Lehiaketako U-BAI saria jaso eben igaz, Urdaibaiko berezitasunak eta aniztasuna zabaltzeko podkast bat egiteko ideiagaz. Idea hori, orain, Bermeora ekarri eta idea hori oinarri hartuta, bertoko informazinoa herrian zabaltzea izango dabe helburu.
Udal ordezkariak pozik dagoz hitzarmenagaz, horri esker, barriro be Itsuki Irratia martxan egotea posible izango dalako, eta modu horretara, herritarrek beste euskarri bat izango dabelako bertoko informazinoa euskeraz jasoteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!