Badator Hitzetik Hortzera

Bizkaie! 2024-09-12 12:29   Bertsolaritzea

Amasa-Villabonan egindako Emakumeen haria ekimenari buruzko programea izango da zapatukoa.



Irailaren 14an hasiko da Hitzetik Hortzeraren denporaldi barria eta Emakumeen haria ekimena izango dau oinarri programeak, bagilaren 7an Amasa-Villabonako Subijana etxean egin zana. Eraikin hori, hain zuzen, Euskal Herriko Bertsozale Alkartearen egoitzea da, baina 1860tik 1980ra oihal fabrikea izan zan. Emakumeen haria ekimena, beraz, Amasa-Villabonako Udalak Bertsozale Alkartearen laguntzeagaz egindako memoria historikoa jorratzeko ariketa bat izan da, emakume oihalgileak eta bertsolariak omenduz.

Konbidadu ugari alkarrizketatuko ditu Mirari Martiarenak lehen programan: Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea eta Irune Alfonso bardintasun zinegotziagaz berba egingo dau, ekimenaren lehen puntadea nondik datorren jakiteko.

Oihal fabrikan lanean ibilitako Mariaje Martinezegaz be batuko da.

Amaia Agirre gai-jartzailea be alkarrizketatuko dau: Emakumeen haria egunean bertso saio tematikoaren ardurea, saioa jostearen ardurea izan eban.

Azkenik, Izaro Lizarraga eta Arantxa Orbegozo Txitxi margolariakaz be izan da Martiarena, izan be, Euskal Herriko Bertsozale Alkartearen egoitzan emakume oihalgileak eta emakume bertsolariak omentzeko mural batek lotu ditu oraina eta iragana; eta margolari bi horreek egin dabe hormairudia, Maialen Lujanbioren bertso batek lagunduta.

Bertso sorta musikatuak

Ekaitz Goikoetxearen bertso jarriek osotuko dabe aste honetako programea. Goikoetxeak Naparrak Gara gu ere sorta abestuko dau Manex Pagola musikariak lagundurik.

Villabona eta Garesko bertso saioak

Amasa-Villabonan oihal fabrikeari eta garaiko emakume bertsolariei eskainitako bertso saioko bertsoaldiak izango dira zapatuko programan. Bertso saio tematikoan Amaia Agirrek egin zituan gai-jartzaile lanak eta kantuan ibili ziran Alaia Martin, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran bertsolariak.

Garesen egindako historiako lehen bertso jaialdiko bertsoak be izango dira aste honetako Hitzetik Hortzeran. Ander Aranburuk gidatutako saioan Saioa Alkaiza, Julio Soto, Amets Arzallus eta Maialen Lujanbiok kantau eben.

Gogoratu, Hitzetik Hortzera: zapatuan, irailaren 14an, gaueko 21:00etan, ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu