Euskerazko kulturgintzearen transmisinoa eta hedabideak

Bizkaie! 2024-09-11 13:06   Kulturea

Azpeitian, urriaren 26an.

Kultur Sorkuntzearen Transmisinoa ekimenak euskerazko kulturgintzearen transmisinoari buruzko 3. jardunaldiak atondu ditu eta helburua da euskerazko kulturgintzearen transmisinoa bere osotasunean aztertu eta kulturgintzearen ekosistemako eragile danakaz alkarlanean transmisinoa bermatuko daben neurri eraginkorrak proponidu eta adostea.

Euskerazko kulturgintzearen transmisinoa ez dago bermatuta ez hezkuntza arautuan, ez hezkuntza ez arautuan (aisialdia), ez hedabideetan, ez ingurune digitalean, ezta etxe giroan be.

Atzera eginez, transmisioan eragile diran eremu guztiak aztertzea da asmoa, 2019ko lehen jardunaldietan, euskerazko kulturgintzearen transmisioa eta hezkuntza arautua izan genduzan aztergai.

2021eko bigarren jardunaldietan, hezkuntza araututik kanpo euskerazko kulturgintzea zelan transmitidu dogun hausnartu genduan.

Hezkuntza arautuan zein ez-arautuan euskerazko kulturgintzearen transmisinoaren bakotasunak ezagutu ostean, hedabideetakoak aztertu gura ditugu 2024 honetan. Horretarako atondu dogu:

Sormenean hezi, kulturan bizi. III. Jardunaldia. Euskerazko kulturgintzearen transmisinoa eta hedabideak urriaren 26an egingo ditugu Azpeitian eta Gipuzkoako Foru Aldundia eta Azpeitiko Udala izango ditugu babesle eta laguntzaile.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Mari Jose Telleriak azpimarratu dauenez, Euskerazko kulturearen transmisinoa gizarte osoa inpliketan dauen erantzukizun kolektiboa da. Jardunaldi honeek euskerearen erabilerea bultzatuko dituen neurri zehatzak hausnartzeko, adosteko eta proponiduteko aukerea emoten deuskue, batez be ingurune mediatiko globalizatuago batean. Kultura-eragileakaz lankidetzan, bermatu behar dogu gure hizkuntzeak leku nabarmena izango dauela bai komunikabide tradizionaletan, bai formatu digital barrietan. Telleriak berretsi dau ekimenaren helburua kultur transmisinoa bermatuko daben konponbide eraginkorrak topetea dala: Ezin dogu ziurtzat jo euskerearen transmisinoa bermatuta dagoala. Fronte guztiak aztertu eta alkarregaz lan egin behar dogu gure komunidadeen egunerokotasunean hareen presentzia indartzeko.

Aitor Larrañaga Azpeitiko Udaleko Euskera eta Kultura batzordeburuaren eretxiz, jardunaldi honeek baliogarriak izango dira euskal kulturearen transmisinoan hedabideen oinarrizko eginkizunari buruz hausnartzeko: Azpeitian suerte handikoak garela esan daiteke, kultur mobimentu indartsua dogulako eta erreferentzialtasun handiko euskerazko tokiko hedabideak be bai. Azpeitiko Udalak lankidetzearen alde egin dau arlo bi horreetan eta aurrerantzean be alkarlan hori sustatzen jarraitzeko konpromiso sendoa dau. Atontzaileei eskerrak emon deutsee Larrañagak beste behin be Azpeitian atontzeagaitik -Sormenean hezi, kulturan bizi- jardunaldiak.

Egitaraua

Egin barik dagoan azterketea da Behategikoek eta Elhuyarrekoek alkarlanean egingo dabena eta gure ustez informazino oso baliogarria jarriko dau guztion eskura. Sekulako garrantzia dauen azterketea izango da.

Azterketearen prozedurea:

Euskerazko kulturgintzearen hedabideetako presentzia zelakoa dan ezagutzeko hedabide digitalak aztertuko dira, Euskal Herriko 10 komunikabidek osotutako lagina landuta.

Datuak batzea: webgune horreetako Kultura kategorian 2023an argitaratutako eduki guztiak batuko dira.

Datuak prozesatzea: corpus horretan euskerazko kulturgileek/euskerazko kulturearen presentzia aztertuko da honako ardatz biak argitzeko:

  • Euskerazko kulturgileek/euskerazko kulturea zenbat agertzen dan eduki horreetan.Nortzuk agertzen diran, kultur erakunde/personen lotura grafo bidez. Analisi hori ahalbidetzeko datuen prozesaketea Elhuyarrek egingo dau.
  • Datuen analisia: ardatz bi horreen inguruko datu azterketea egingo da, emoitzak grafiktu eta interpretauta.

Mahai-ingurua: Zertan da euskerazko kulturgintzearen komunikazino-jarduna?

Euskerazko kulturgintzan eta beronen edukiak zabaltzen dabizen eragileak batzea da asmoa, nork bere orain arteko esperientzia, egunerokoa eta etorkizunerako aurreikuspenak plazaratu daizan.

Hizlariak:

  • Inma Errea: Itzultzailea, idazlea, kazetaria (moderatzailea).
  • Iñaki Etxeleku: Aktorea, kultur-eragilea, kazetaria.
  • Ane Zuazubiskar: bertsolaria, kazetaria.
  • Josune Velez de Mendizabal: aktorea, ipuin-kontalaria, kazetaria.

Kultur kuotak hedabideetan: Nazinoarteko ereduak

Munduko hamaika herrialdetan dagoz indarrean tokiko kulturea ezagutarazoteko eta kultura horren emoitza zahar zein barriak komunikabide eta hedabideen bitartez gizarteratzeko planak eta legeak, baita hizkuntza propioa hegemonikoa dan Mendebaldeko estaduetan be (Frantzian, esate baterako, irratiz aireratutako musikearen ehuneko bat estaduko lurraldeetan ofizial diran hizkuntzetan kantautakoa izan behar dau, legearen arabera).

Frantzia ez da bakarra izan inguruotan holako araudiak ezartzen. Irrati, telebista, plataforma digital zein bestelakoetan, kultur kuotak Europako estadu gero eta gehiagotan dabiz ezartzen. Pandemiaren ostean, indartu egin da holakoen ugalketea.

Makinatxu bat galdera eta duda eta holakoei erreparauta berbaldi bi izango dira:

Kultur kuoten bilakaerea nazinoartean eta egungo panoramea (Amagoia Gurrutxaga Uranga, LANARTEA Euskerearen Langile Profesionalen Alkarteko koordinatzailea).
Kataluniako kultur kuota sistemea eta Espainiako Ikus-entzunezko Lege barria (Pol Cruz-Corominas, Plataforma per la Llenguako Kultura Batzordeko kidea).

Jardunaldietan zehar talde txikietan ibiteko txanda bi be egituratuko dira, jardunaldietara hurreratutako kideen eretxiak batzeko.

Izena emon hemen.

  • Atontzaileak: Kultur Sorkuntzearen Transmisinoa ekimena: Ahotsenea, Bertsozale, EIE, EIZIE, Elkar Fundazioa, Euskal Wikilarien lkartea, Hik Hasi, Jakin, Lanartea, UEU
  • Babeslea: Gipuzkoako Foru Aldundia.
  • Laguntzailea: Azpeitiko Udala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu