Matrikulazinoa zabalik AEKko euskaltegietan
2024-09-05 09:54 Euskerea berbagaiEmon izena hemen.
AEKren Artezkaritza Konseiluko kideek 2024-2025 ikasturteko matrikulazino-kanpaina aurkeztu dabe Bilboko Kalderapeko Kulturgunean. Berbea, Lurdes Etxezarreta Artabek, Bizkaiko ordezkariak, hartu dau.
Horrezaz gan, aurkezpenean ondokoak izan dira: Aize Otaño Lizarralde, Gipuzkoako ordezkaria; Xabier Gartzia Castell, Nafarroako ordezkaria; Bixente Claverie, Iparraldeko kidea; eta, Maialen Begiristain Grado, Arabako ordezkari barria (Aitziber Balantzategi Ibargoitiaren ordezkoa).
AEKren helburua da Euskal Herriko biztanle guztiak euskeraz eroso bizitea eta, hori dala eta, euskerearen ezagutzan, erabileran eta sustapenean ibilten da. Hizkuntzea eroso erabilteko baldintzak izatea nahi dogu, euskeraz berba egiteagaitik deseroso edo baztertuta sentidu barik, adierazo dau Lurdes Etxezarretak.
100 euskaltegi baino gehiago Euskal Herri osoan eta horreen bidez beste hamaika herritara heltzen da AEK, baita euskerea ikasi nahi daben enpresa eta alkarteetara be. Online-ikastaroen bidez, ganera, herritarrak dagozan txoko guztietara heltzen da. Beraz, hur, herritarrak urrun heltzeko, euskerea zabaldu deien ateen bidez, urrun helduko baitira.
Etxezarretak gogorararazo dau azkenaldian epaitegietatik datozen sententziek ez deuskuela ixten euskeraz eroso biziten eta behin eta barriz urratzen dituala hizkuntza-eskubideak. Geure eguneroko bizimoduan, euskaldunak garen neurrian, eroso bizi nahi dogu euskeraz. Horregaitik, aukerea eskaini nahi deutsegu geure euskaltegietara hurreratuko diran guztiei, ikas-prozesua eroso bizi deien.
Dirulaguntzinoak
Geure eretxiz administrazinoek euskerea doban ikasteko eskubidea bermatu behar dabe. Azkenaldian, zailtazunak jarten dagoz, baina oraindino badago zeregina benetako dobakotasuna lortzeko: esaterako, herritarrek dirurik aurreratu behar ez izatea, adierazo dau AEKko eledunak.
Agerraldian, EAEn euskerea 0tik ikasi nahi daben ikasleen matrikulea merkeagoa izango dala azpimarrau dabe. Beraz, A1 mailako euskera ikasleek orain arte ordaintzen eben matrikulearen laurena ordainduko dabe aurrerantzean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako edozein euskaltegitan.
Era berean, pasa dan ikasturtean edegi zan dirulaguntzino-lerroaren moldaketea egin dau Eusko Jaurlaritzeak, baina 16-18 urtekoentzat C1 maila prestetako dirulaguntzinoa be badago aurton. Ganera, Euskal Autonomia Erkidegoan, hain zuzen be, B2ra arteko prozesua doban da, mailea euskaltegian edo deialdi ofizialetan egiaztatuz gero.
Euskaltegi barriak eta barrituak
Euskaltegi barriak eta barrituak izango ditu AEKk: Galdakaoko Barandiaran euskaltegi barritua bagilean edegi eben eta dagoeneko ikasleek ezagutzen dituen beste euskaltegi bi inaugurauko ditue laster: Oreretako Xenpelar AEK eta Mungiako Kinttopeko AEK.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!