Badator Irailekoak Poesia Jaialdia
2024-09-05 07:49 Euskerea berbagaiIrailaren 28an eta 29an izango da Itsasun (Lapurdi).
Irailekoak egitasmoari esker, Itsasuko herria euskal poesiaren uriburu bilakatuko da irailaren 28an eta 29an, hain zuzen be. Euskaltzaindiak, literatureari deutson atxikimendua adierazo aldera, poesiari eskainitako asteburua atonduko dau bigarrenez Lapurdin. Itsasuko Herriko Etxeagaz lankidetzean, Euskerearen Erakunde Publikoaren eta Badator Irailekoak Poesia Jaialdiaren babesa izan dau.
Aurtengo jaialdia (igaz Lekeition atondu zan) irailaren 28an, egun osoz, eta 29an, goizez, izango da, eta olerkari, musikeari, itzultzaile eta ikertzaile ugarik parte hartuko dabe bertan. Egitasmoaren nolakotasunak Andres Urrutia euskaltzainburuak laburbildu ditu, Euskaltzaindiaren Ipar Euskal Herriko ordezkaritzean eginiko prentsaurrekoan: Irailekoak-en helburuak ez dira aldatu: euskal poesia sustatu eta euskal poetei beste plaza bat eskaini, plaza bizi eta erakargarri bat, beraien lanak ezagutarazoteko.
Bestetik, ondokoa azpimarrau nahi izan dau Urrutiak: Norbaitek esan leikee holako ekintzak atontzea ez dala Euskaltzaindiaren funzinoa, printzipioz berari jagokonari ekin beharko deutsola, hau da, hiztegigintzeari, lexikografiari, toponimiari eta abarri... Eta horretan gagoz. Baina gogorarazo behar da, baita be, Akademiak betidanik izan dauela euskal kultura sustatzeko bokazinoa eta grina, bere hastapeneko helburuetatik gaurdino. Euskal Herriko Bertsolarien sei txapelketa nagusi atondu zituan bere garaian Akademiak; esaterako, Eizieren eta Euskal Idazleen Alkartearen sorrerak bultzau zituan, euskerazko lehen agiriak banatuz. Beraz, erabat naturala da Euskaltzaindiarentzat Irailekoak lako egitasmoa atontzea eta sustatzea. Beste horrenbeste esan daiteke Bilbon atontzen dogun Lautan Hiru antzerki-jaialdiari buruz be.
Mizel Hiribarren Itsasuko auzapeza be pozik agertu da Baionan egin dan prentsaurrekoan: Ondo etorri Itsasura 2024ko Irailekoei. Harrotasunez hartzen deutsagu. Agian, gure errekek, hatxek eta herritarrek eskainiko deutsee oihartzunik sentikorrena. Geure plazak hor dagoz lehengo eta biharko olerki zahar eta barrien portu.
Okzitanierazko literaturea eta Alidé Sansen kontzertua
Itxaro Borda euskaltzain osoak adierazo ditu egitarauaren nondik norakoak eta nabarmendu dau sarrera guztiak libre eta doban izango dirala: lehenengo egunean, irailak 28an, Ipar Euskal Herriko poesiaren nondik norakoak adierazoko ditu Katixa Dolhare-Zaldunbide irakasleak, Sanoki gelan. Ondoren, Itsasuko Gaineko plazan, poesia-irakurraldia izango da Anjel Erro, Maddi Sarasua eta Harkaitz Canogaz. Ganera, ekitaldia Pantxix Bidarte musikariak girotuko dau. Arratsaldean, Munduko Poesia Kaierak egitasmoari emongo jako bide, emonaldi ibiltari bategaz. Gauez, kontzertu bikotxa atondu dabe, Maddi Oihenart eta Jérémie Garatek eta AlidéSansek emongo dabena. Itsasuko eleizean izango da.
Itxaro Bordak gogorarazo dau Irailekoak-en euskal poeten lana gizarteratu nahi dala, baina beste bazter batzuetako poeten lana ahaztu gabe: Zentzu horretan, berbaldi interesgarria emongo dau Sergi Javaloyes idazle eta itzultzaileak Itsasuko haurtzaindegian (Eleizaldean), izan be, okzitanierazko literaturea aztertuko dau. Ondoren, irakurraldi elebiduna izango da, Aurelia Lassaca poeta okzitaniarraren eta Coralie Nazabal musikariaren eskutik.
Sergi Javaloyes (1951)
Aljeriako Oranen pasau eban umetzaroa eta bizitza gehiena. L’ora de partir edo Partitzeko tenorea nobelekaz egin zan ezagun 1997an eta literaturearen alor asko jorratu ditu, itzulpena eta poesia batez be. Luzaz Calendretaeskola alkartearen presidente izan zan. L’homme est un ours qui a mal tourné (2022) edo Gaizkibihurdikatu den hartza da gizakia izeneko bere azken elebarria frantsesez publikau dau In-8 argitaletxean.
Aurelia Lassaca (1983)
1983an, Tarn eta Garona departamenduan bizi dan Aurelia Lassacak poesia idazten dau okzitanoz eta frantsesez. Literaturako bere doktore tesia eskaini deutso okzitanozko XVII mendeko antzerkiari. Hainbat festibaletan parte hartu dau munduan zehar. Musikari askoren laguntzinoagaz agertzen da taula gainetan. Bere liburu gehienen edizino elebidunak Bruno Doucet etxean aurkitzen ahal dira, esaterako 2023an Frontières izeneko antologia.
Jarduera osagarriak
Itsasun poesiari presentzia handiagoa emoteko, udaldian garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantzi dira herriko erakusleihoak eta Herriko Etxea bera. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsiz.
Ganera, iraileko egun horreetan egindakoaren lekukotza jasoteko, Iraileko papelak aldizkariaren bigarren zenbakia plazarauko da, Oroigarri intelektual-poetiko gisa izenburupean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!