42. Ertibil Bizkaia erakusketea Basaurira heldu da

Bizkaie! 2024-09-04 12:55   Kulturea

Ariz torrean ikusgai, urriaren 3ra arte.

Ertibil Bizkaia Arten Bisualen Erakusketa Ibiltaria Basaurin hasiko dau bere ibilbidea. Bizkaiko Foru Aldundiak atondutako erakusketean, lurraldean bizi eta lan egiten daben 18 sortzaile barriren lanak aurkezten dira, eta Basauriko Ariz torrean egongo da ikusgai urriaren 3ra arte.

Erakusketak Bizkaiko egungo arte-panoramearen aniztasuna eta talentua islatzen ditu. Lanek, instalazinoak, margolanak (olioa, akrilikoa eta pastela), bideoa, eskulturea eta argazkigintzea, parte-hartzaileen sormena eta adierazpidea islatzen dabe.

Ertibil Bizkaia 2024ko sarituen artean, Leo Burge nabarmentzen da, izan be, lehenengo saria eskuratu dau Entre murmullos y cabello lanagaz. Zortzi marrazkiko bildumea da, espazio multidimensional batean marra eta zatien arteko fusinoa esploratzen dauena. M. Benito Pirizek bigarren saria lortu dau Abrazo lanagaz, zulatutako gorputzari buruzko eskultura-hausnarketa zirraragarriagaz. Lucía Jayo Altamiranok hartu dau hirugarren saria, You' ll Never Guess lanagaz. Argazki proiektua da, irudiak errepikatuz ikuslearen perzepzinoa desafiatzen dauena.

Beraz, ondoko honeek dira Ertibil Bizkaia 2024ko sarituak: Leo Burge, M. Benito Piriz, Lucía Jayo Altamirano, Tana Garrido Ruiz, Maider Gonzalo Salceda, Ángela R., Jon Ander Terroba, Ane Diez de Ulzurrun, Hodei Herreros, Idoia Leache, Julia Martos, Víctor Ortuño, Aida Valdes, Ane Berganza, Unai Cardoner, Martzel do Nascimento Goiria, Garazi Etxebarria Azurmendi eta Bakarne González & Eva Raya.

Aurton, egitasmoak 149 eskaera jaso ditu. Leixuri Arrizabalaga diputaduak aurkezpenean esan dauanez, programeak eregiten dauen gogo biziaren eta interes handiaren adierazgarria da hori. Proposamenak teknika eta espezialidade artistiko askotakoak izan dira eta geure lurraldeko arte garaikidearen aniztasun aberatsa erakusten dabe. Aurkeztutako lan guztien artean, 18 obra hautatu dira eta Bizkaian sortzen ari dan talenturik onena erakusten dabe.

Basauri ostean, Igorreko Lasarte Aretoan izango da erakusketea, urriaren 5etik 31ra. Era berean, Deriok erakusketa ibiltaria hartuko dau Kultur Birikan zemendiaren 4tik abenduaren 2ra. Halanda ze, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroa izango da erakusketearen azken geltokia, abenduaren 3tik 30era arte.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu