Gema Varona Biktimologiako Munduko Alkarteko lehendakari izentau dabe
2024-09-04 08:05 KultureaVarona, Euskal Herriko Unibersidadeko Kriminologiako Euskal Institutuko zuzendaria da.
Gema Varona Euskal Herriko Unibersidadeko Kriminologiako Euskal Institutuko zuzendaria, Biktimologiako Munduko Alkarteko (WSV) presidente aukerau dabe, alkarte hori egunotan Gandhinagarren (Gujarat, India) egiten ari dan 18. sinposioan. Biktimologiako Munduko Alkarteak Donostian egin eban sinposioa 2022an, UPV/EHUgaz lankidetzean, eta bost kontinenteetako 400 ikertzaile eta profesional baino gehiago bertaratu ziran.
Izentapena esker ona da neuretzat Biktimologiako Munduko Alkartearentzat, eta konpromisoa alor horretako ikerketarekiko eta ekintzarekiko, eta, aldi berean, Kriminologiaren Euskal Institutuaren lan biktimologikoaren nazinoarteko autorpena, aitzindaria biktimizazino eta biktimen erreparazino mota desbardinei buruzko azterlanetan, Antonio Beristainek eta José Luis de la Cuestak sustatutako ikerketa-ildoetatik hasita, deutso Gema Varonak.
Gema Varona irakaslea Zigor Zuzenbidean doktorea da UPV/EHUn 1997tik, Kriminologian diplomaduna eta Soziologia Juridikoan masterra, eta unibersidade bertan egin dau bere ibilbide zientifiko osoa. Ganera, Jakiundeko kide urgazle da 2023tik.
Biktimologiako Munduko Alkartea
Biktimologiako Munduko Alkartea (WSV) irabazi-asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakundea da, eta kategoria bereziko konsulta-estatusa dau, Nazino Batuen Ekonomia eta Gizarte Konseiluaren (ECOSOC) aurrean, baita Europako Konseiluaren aurrean be.
Biktimologiaren Munduko Alkartearen helburua da biktimologiari buruzko ikerketa eta praktikak sustatzea mundu osoan; arlo horretan diziplinarteko eta konparazinozko lana eta ikerketa sustatzea; eta nazinoarteko, nazinoko, eskualdeko eta tokiko erakundeen eta biktimen arazoez arduratzen diran beste taldeen arteko lankidetzea bultzatzea.
Erakundearen jatorria lehen biktimologoen lanetan eta Israel Drapkinek 1973an Israelen atondutako Biktimologiari buruzko Nazinoarteko Lehen Sinposioaren deialdian dago. Sinposio horrek biktimologiari buruzko nazinoarteko lehen foroa eskaini eutsien akademiko, profesional, ikertzaile eta ikasleei. Gizartea gobernuarteko erakundeekaz dabil lanean, biktimei eta biktimen eskubideei buruzko programen ikerketearen eta garapenaren sustatzaile aktibo bezala.
Alkartea aitzindaria izan zan Nazino Batuen gutun berezi bat egiten biktimen eskubideei buruz, eta, horren ondorioz, handik dator gaiaren inguruan Batzar Nagusiak emondako ebazpena (A/RES/40/3 4), Justiziaren oinarrizko printzipioei buruzko adierazopena delituen eta botere-abusuaren biktimentzat izenekoa.
Erakundeko kideak era askotako personak dira, esaterako, ikasleak, akademikoak eta gobernuko funzinonarioak, eta delituen eta botere-abusuaren biktimen egoera zaila hobetzen dabe mundu osoan. WSVko kideek erakunde ugari ordezkatzen ditue Nazio Batuen Delinkuentziaren aurkako Programearen Nazinoarteko Aholku Konseilu Zientifiko eta Profesionalean (ISPAC), eta Administrazino Konseiluko kide dira. Jarduera horreek biktimologiaren teorian interesa daben personen sareak sortuz eta biktimei laguntzinoa emonez gauzatzen dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!