Josu Alonso Oregik eskuratu dau Maria Oianguren ikerketa saria

Bizkaie! 2024-09-03 12:19   Kulturea

Euskararen Historia Soziala Bergaran 1876tik 1940ra: Lehen hurbilpena proiektua egingo dau.

Josu Alonso Oregi. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gidor Bilbao Telletxeak gidatuta eta Juan Madariagaren begiradapean Euskararen Historia Soziala Bergaran 1876tik 1940ra: Lehen hurbilpena proiektua egingo dau Josu Alonso Oregik, Maria Oianguren ikerketa saria eskuratu ostean.

Holan, bigarren karlistaldiaren amaieratik 1936ko gerra zibilaren amaierarainoko epe historikoa hartuko da. Ikerketea, Idoia Etxeberria Elorzak 2023an kaleratutako Izotz ondoko eguzki: Bergarako euskararen historia soziala 1940-1980 liburuaren osogarri izango da, eta Juan Madariaga Orbea eta Anaje Narbaiza Aldai 1875era artekoaz egiten ari diranekaz hain zuzen be.

Proiektuaren helburu nagusia garai horretako Bergarako euskerearen egoerea eta bilakabidea adierazotea da, eta hainbat ikerketa-galdera planteatzen ditu, esaterako, gertakizun historiko eta politikoek euskerearen erabilerean izan eben eregina, Bergarako lehen industriaren eregina, udalaren eta herritarren protagonismoa ekitaldi eta erakundeetan eta euskerearen aztarnak artxiboetan.

Josu Alonso Oregi 1995ean jaio zan Gasteizen, eta umetzaroa eta nerabezaroko lehen urteak Bergaran pasau zituan. 14 urtegaz Gasteizera joan zan familiagaz. Amaren familia abertzalea zan eta giro euskaldunean hazi zan, nahiz eta aita erdalduna izan. Euskerea bere nortasunaren parte garrantzitsua izan da beti, eta Gasteizen euskerearen aldeko konzientzia piztu jakon. Euskal Filologia ikasi eban Deustuko Unibersidadean, eta hezkuntzean ekarpen handiagoa egin ahal ebala kontuan hartuz, irakasle izateko masterra egin eban. Gaur egun, EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Filologia masterra egiten ari da eta Maria Oianguren ikerketa-sarira aurkeztutako proiektu hau Master Amaierako lana be izango da.

Kirolak, irakurketea, filosofia eta historia ditu zaletasun eta proiektua bera euskaldundu eben senide eta lagunei eskaini nahi deutse.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu