Irakurleen txokoak eta antzerki tailerrak atondu ditue Bermeon
2024-09-03 08:35 KultureaUdalaren Euskera Sailaren bitartez.
Bermeotarren artean irakurzaletasuna eta antzerkizaletasuna sustatzeko, Bermeoko Udalak, Euskera Sailaren bitartez, irakurleen txokoak eta heldu zein gazteentzako antzerki tailerrak antondu ditu. Aurton, ganera, barritasun moduan irakurleen txoko feminista eskainiko da.
Irakurleen txoko feministan liburuek genero ikuspegiaz berba egiteko emoten dituen aukeretan zentrauko dira batez be, alderdi literario eta fikzinonalari horrenbeste begiratu barik. Holan, irakurketetatik eta fikzinotik, obretan eregiten dan errealidadean generoak zer leku dauen, eta, izatekotan, zelan eregiten dan genero-diskursoa hausnartuko dabe parte-hartzaileek. Amatasuna, genero indarkeria, maskulinidade eta feminidade ereduak, eredu ez binarioak, espazio publiko vs. pribatuak, gorputzak, agency edo egiletasuna, prostituzinoa eta bestelako kontzeptuak egongo dira parte-hartzaileen berbaldien erdigunean. Saioak ordubetekoak izango dira, hileko laugarren eguaztenetan.
Bestalde, 2011. urtean sortu zan irakurleen txokoan, hilean behin, literaturean interesa daben personak alkartuko dira, aurton be. Taldea hileko hirugarren eguenetan alkartuko da udal liburutegian, 18:30etik 20:00etara.
Dinamizatzailea Nagore Fernandez Zabala izango da, eta biak doban izango dira. Parte hartu gura dabenek, irailaren 30 baino lehen emon beharko dabe izena udal liburutegian. Bertan zehaztu beharko dabe zein dan nahiago daben irakurleen txokoa, lekua baldin badago, eta holan gura izanez gero, bietan parte hartzeko aukerea be egongo da. Bakotxerako, gehienez, 15 leku egongo dira. Izena emoteko ordena kontuan izango da taldeak sortzean.
Irakurleen txoko bietan 8 liburu irakurriko ditue. Ekimenen helburuak dira; irakurzaletasuna sustatzea, euskeraz idazten daben idazleak eta euskerara itzulita dagozen nazinoarteko autoreen lana zein dan jakitea, talde egonkorra lortzea, guztiok gustura egotea, eta partaideen eta dinamizatzaileen arteko konfiantza giroa sortzea.
Antzerki tailerrak
Irakurleen txokoez gan, Euskera Sailak antzerki tailerrak be atondu ditu. Nagusien antzerki tailerraren helburua da, kultura alorreko euskerazko sorkuntza lanari bidea edegitea. Saioak Gizarte eta Kultura Etxean izango dira, eta astean behin batuko dira.
Tailerrean, antzerkigintzean interesa eta komunikazino gaitasuna landu nahi daben 17 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dabe. Guztira, 115 euro ordaindu beharko dira.
Parte-hartzaileek, besteak beste, ondoko gauzak landuko ditue: gorputz eta ahots adierazopena, pertsonaiak, erritmoa, inprobisazinoa eta testuak.
12 eta 16 urte bitarteko gazteentzako antzerki tailerra be atondu da. Euren garapen personala askatasunean jorratzeko espazio bat aurkitzeko guneak eskaini gura jakie, herri mailan adierazopena lantzeko, alkar ezagutzeko eta sozializatzeko. Helburua da gazteak antzerkiaren mundura hurreratzea. Horretarako, antzerkiaren hainbat tresna landuko ditue: gorputz eta hots adierazopena, inprobisazinoa, pertsonaien eraikuntza eta eszenen egituraketea.
Ikastaroa urrian hasiko da, eta Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean izango da astean behin. 50 euroko prezioa izango dau.
Heldu eta gazteentzako antzerki tailerretako irakaslea Eneritz Artetxe Aranaz izango da. Batean zein bestean parte hartu gura dabenek, Berhaz bulegoan emon beharko dabe izena, eta irailaren 30a izango da azken eguna.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!