Badatoz Donostiako Euskal Jaiak
2024-08-27 09:11 KultureaAbuztuaren 28tik irailaren 8ra arte izango dira.
Donostiako Euskal Jaiak, bihar, hilaren 28an, hasiko dira eta 12 eguneko egitarauan 60 ekitaldi izango dira, gustu guztietako personei zuzenduak.
Donostiako Udalak Donostia Festaken bidez atontzen dituan jarduera horreek abuztuaren 28an hasiko dira, Kontxako Banderarako emakumezkoen sailkapen-estropadeagaz, eta irailaren 8an amaituko dira, estropadetan jokatzen diran kategori bietan garaile suertatzen diran tripulazionei banderak emon ondoren.
Aurtengo egitarauak azken edizinoetako dinamikari jarraitzen deutso eta jarduera gehien estropaden inguruan egiten dira, domeka bietan hain zuzen be. Hori bai, edizino honetan, bigarren asteburua izango da indartsuena programazinoari jagokonez. Ganera, nobedade oso interesgarriak atondu ditue:
Tio Teronen Semeak-en Haurreskolari ikuskizuna emongo dabe Konstituzino Plazan irailaren 6an, barikuan, 20.00etan. Holan, konpainiak bizitzako une ahaztezinak doinu ezagunekaz berpizten dituan ikuskizuna, ikasitakoa desikasten saiatuko dira, ikusleen eskutik ikasteko.
Hurrengo egunean, hilaren 7an, zapatua, ohiko Sagardao Eguna egingo da, 11:00etatik 13:45era Konstituzino plazan. Arratsalde horretan bertan, 18:00etan, Easo Abesbatzak esku-hartze ibiltaria egingo dau Alde Zaharreko kaleetan zehar, Sorozabal, Aita Donostia edo Guridi lako egileen errepertorio korala a capella interpretatuz. Abesbatzako kideek baserritar jantzita parte hartuko dabe eta txistulari talde txiki batek musikatuko dau ibilbidea, kalejira moduan.
Egun berean, 19:00retan, 1824an Juan Ignacio Iztuetak argitarautako liburuaren mendeurrena dala eta, Gipuzkoako Jantzarien Biltzarrak jarduera-programea prestau dau, egileak bere obran jasotako jantza batzuk interpreteteaz gan, liburuko pasarteak be irakurriko dituana aurkezpen legez.
Herri kirolek be presentzia izango dabe Euskal Jaietan eta aurten Bolo Txapelketearen laugarren edizinoa egingo da, oso errotuta dagoan kirola. Donostiako Trinidade Plazan, Ategorrietan, Altzan, Aieten eta orain Herrerako Arrobitxulo parkean bolatokiak dagoz edo egon dira, beraz, azken horretan izango da IV. Euskal Jaiak bolo txapelketea.
Horreezaz gan, Alde Zaharreko Jai Batzordeak gidatutako programazinoan herensugearen jaitsierea, kahoota, Urgulleko krosa, sardinadea eta bestelakoak izango dira. Ganera, olerki eta bertsolari saioak, tokiko produktoreen azokak, tomate, marmitako edo legatz lehiaketak, umeentzako jolasak, zezensuzkoa, kirol lehiaketak eta 1813ko abuztuaren 31ko sutearen ondoren Donostia errautsetatik berpiztu zala gogorarazoko dauen Gaztelu Eguna izango dira.
Erromeria Digitala
Aurtengo kartela, Erromeria digitala izenekoa, Joseba Larratxe ilustratzailearena da eta iraileko jaien ikuspegi eguneratua proponiduten deuskuz.
Kartelak geure gizartearen bilakaerea islatzen dau eta horregaz batera geure jaiena, XX. mende hasierako euskal margolariek landa-eremuari autortzen eutsen dotorezia jasoz, beti be irudia XXI. mendean kokatzen daben ñabardura batzuk gehituz: mutilen tatuajea eta nesken piercing-a, esaterako adierazo dau artisteak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!